12garren edizioa bete du aurten Dobera Euskara Elkartearen Bota Bertsoa! lehiaketak; eta partehartzaileek ez dute hutsik egin: bertso txukunak zein kaxkarrak, errimadunak zein gabeak, letra ederrekoak zein ulertezinak... Mota guztietakoak utzi dituzte sagardotegietako kutxetan: 131 bertso, guztira.
Eta horietatik asko saritu zituzten joan den ostegunean, Urbieta kalean egindako ekitaldian. Bertsoak bezalaxe, xelebreak izan dira sariak, aurtengoan ere. Besteak beste, honakoak: doinu 'originalari' saria, irakasle letra saria, marmarti saria, txotxero onenari saria, ilustratzaile onenari saria, insistentzia saria, berriro kale saria, entxufatuaren saria, kopla sorta saria eta internazionalenari saria...
Sarituetako hainbatek kantatu zuten bere bertsoa ekitaldian, eta izan ziren sorpresa politak, bi ahotsetara abestu zuen bikotearena bezala. Saioaren maila hobetzeko, gainera, bi bertsolari aritu ziren kantuan, ekitaldia girotzen: Iker Ormazabal 'Tturko' eta June Aiestaran.
Saritutako bertsoen artean, hiru bildu ditugu azpiko koadrotxoetan, lagin gisara.
INAUTERI SARIA
Kupelak hitz egingo balu
mozorro ta eskandalu
hustu nautenak bi erromatar
ta lau Al-Andalu
Alejandro Sanz ta Malú
climberrak jan du Maka(i)lu
zenbat mozorro hainbat mozolo
bat e(re) erregalu
KANTERA SARIA
GAZTETXOEK EGINDAKO BERTSOA
2000 urte dira
kupelak izaten
eta jarraitzen dute
mozkorrak asetzen
sagarraren zukuaz
sabelak betetzen
horrela euskaldunak
bizitza ospatzen
'AURTEN BAI?' SARIA
Bi mila hogeita bian
hura bazkaria
Serbilleta ta paper
a zer komeria
Dei baten bidez jaso
genun notizia
irabazi in genun
hura ezustia
Lotsatu ginen eta
ez jaso saria
Kupela kupela
bertsoa ta papera
kupela kupela
hobeik etzaigu atea