Badauka zer ospatua egun hauetan Hernani Errugbi Elkarteko familiak. Izan ere, 10 urte bete berri ditu talde inklusiboak, 2016ko apirilaren 24an egin baitzuen bere aurreneko entrenamendu saioa, Gaztediko eta Uni Bilbaoko taldeekin batera. Egun hartan 100 jokalari inguru elkartu ziren, ilusioz beteta; eta ilusio berarekin jarraitzen dute lanean 10 urteren buruan, etengabe haunditu den borobilean. «Une hartan ezin genuen jakin zer nolako ibilbidea egin zezakeen abiatu berri zen egitasmo hark, eta konturatzerako hamarkada bete du», azaldu dute taldeko kideek.
Nabarmendu dute, «mugarri esanguratsuak» izan dituela ibilbide horrek: «Lehenengoa eta garrantzitsuena, taldea bera eratzea izan zen. Aniztasun funtzionala duten pertsonez eta klubeko beste taldeetako jokalariz osatutako taldea, adin guztietakoak, neskak eta mutilak, emakumeak eta gizonak elkarrekin. Helburu nagusia hau izan da: guztiek elkarrekin errugbiaz gozatzea, eta elkarte-bizitzan parte hartzea».
Horrekin batera, funtsezko pausotzat jo dute «Euskadiko Errugbi Federazioak errugbi barneratzailea berariazko kategoriatzat hartu izana». 2021ean lortu zuten jarduera ofizial egitea, urtetako lanaren ondoren; eta Bultza Liga jarri zuten martxan, beste edozein kategoriaren ezaugarriekin (fitxak, epaile ofizialak, partiden aktak...), baina desberdintasun nagusi batekin: «Ez dago sailkapenik, partehartzaile guztiak baitira irabazle».
25 fitxa propio, Hernaniko talde inklusiboak
Hernaniko talde inklusiboaren borobila etengabe haunditu da urte hauetan, eta gaur egun, klubeko beste kategorietako jokalariez gain, 25 fitxa propio dauzka inklusiboak. «Hala ere, ekipoa askoz ere zabalagoa da. Izan ere, batzuen zailtasunak besteen indarguneekin orekatzeko zelaiko lanetarako dagoen antolaketaz gain, jokalarien ingurune hurbileko pertsonekin (gurasoak, tutoreak...) batera osatutako babes-sare zabala dauka», nabarmendu dute.
Sare hori indartzeko, hainbat ekintza burutzen dituzte urtean zehar, Bultza Ligako partiduez gain. «Denboraldi bakoitzean bi irteera egiten ditugu gutxienez, kanpoko topaketetara; eta hori baliatuz, beste jarduera osagarri batzuk izaten dituzte taldekide guztiek batera: bisita turistikoak, aisialdiko jarduerak...», azaldu dute. Horrekin batera, klubaren bizitzan parte hartzen dute talde inklusiboko kideek: Garagardo Azokan lan eginez, etxeko partiduetan hirugarren denboraz eta kantinaren kudeaketaz arduratuz... Eta azkenik, urtero antolatzen dute topaketa herrian: bederatzigarren edizioa izango du Hernaniko Inklusibo Txapelketak aurten, ekainaren 6an.
10 urtetan, jokalari askok hartu dute parte talde inklusiboan, eta guztientzat izan da «esperientzia zinez aberasgarria. Batzuei kirola egiteko eta sozializatzeko dauzkaten aukerak zabaltzen dizkie; beste batzuei aniztasun funtzionalarekiko zeukaten ikuskera zabaltzen die, eta pertsonengan zailtasunak ikusi beharrean, haien gaitasunak ikusten hasten dira. Zaila da jakitea nork jasotzen duen gehien, baina edonola ere, guztiak garaile!».
Eta bide horretan jarraituko du taldeak, «ateak zabalik» baitauzka, nahi duten guztientzat. Duela 10 urte, aurreneko entrenamendu haren bukaeran, taldekide batek esandakoari heldu diote berriro: «Borobilean denak sartzen ez bagara, haunditu dezagun borobila».
Beste urte batez Ohorezko Elite Mailan, mutil seniorrak
Joan den astean bukatu zuten denboraldia Hernaniko mutil seniorrek, Ohorezko Elite Mailan. Galdu egin zuten Zaragozako Fenixen kontra, Landaren (15-23), eta ezin izan zuten liga nahi bezala bukatu, azkenera arte lehia estua izan arren.
Edonola ere, mailari eutsi dio taldeak, eta estatuko bigarren kategoria gorenean ariko da datorren denboraldian ere. Dagoeneko ezagun dira bi lehiakide berri, Ohorezko Mailatik jaitsiko direnak: Bartzelona eta Sevillako Ciencias.