Sekulakoa izan zen, beste behin, Dantzari Asteak Hernaniko kaleetan sortu zuen giroa, joan den larunbatean. Egun nagusia zuen festak, eta Euskal Herri osoko 18 dantza talde elkartuta, mota eta kolore guztietako jantziekin eta dantzekin girotu zituzten herriko txoko guztiak. Egunak eman zuenarekin, bideoa eta argazki sorta ikusgai daude kronika.eus webgunean.
Gaur jarriko diote errematea Dantzari Asteari, eta gaztetxoek hartuko dute protagonismoa, eguerdiko erromeriaren ondoren. Arratsaldean aterako dira dantzari txikiak, Kaxkoan barrena kalejiran; eta emanaldia eskainiko dute denek elkarrekin bukaeran, Plazan.
XXVIII. DANTZARI ASTEA
HERNANI
GAUR, larunbata
12:00, Erromeria, Plaza Berrin; euriarekin Atsegindegin. Partehartzaileak: Ezpeletako eta Hernaniko trikitilariak, albokalariak eta panderojoleak.
17:00, Dantzari txikien irteera eta dantza emanaldia, erdiguneko kaleetan zehar; euria egingo balu, Atsegindegin. Jon Odriozolak aurkeztuta. Partehartzaileak: Hernani Musika Eskolako txalapartariak, Hernaniko Bertso Eskola, Mirentxu Egizabal eta Dulce Fernandez irrintzilariak, Ezpeletako eta Hernaniko trikitilari, albokalari eta panderojoleak, eta Begiraleak, Egape, Eskola, Illumbe, Trebeska eta Ttarla dantza taldeak. Denek elkarrekin dantzatuko dute bukaeran.