Hernaniko Lanbide Heziketako ikasleek Beterri Saretuz gertutik ezagutzeko aukera izan dute

Kronika - Erredakzioa 2026ko apirilaren 25a

Aztiker eta IDo hitza argiko Enarak eta IDoiak Beterri Saretuz sarea aurkeztu zieten Hernaniko lanbide heziketako zikloko ikasleei.

Aztiker eta IDo hitza argiko Enara  Eizagirre Aranda eta Idoia Telleria Maritxalar Beterri Saretuz eskualdeko eragileen elkarlanezko sarea aurkeztu die Hernaniko Lanbide Heziketako informatikako erdi mailako zikloko ikasleei.

Apirilaren 13an, Beterri Saretuz sarea Hernaniko Lanbide Heziketako zentrura gerturatu zen, informatikako lehen mailako ikasleei eskualdeko eragileen elkarlanezko sarea bertatik bertara ezagutarazteko. Saioa Aztiker eta IDo hitza argiko kooperatibetako Enara eta IDoiak gidatu zuten, sareko kide gisa, eta helburu nagusia izan zen gazteei tokiko errealitate ekonomiko eta sozial eraldatzailea gerturatzea Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala gaiaren barruan.

 

Beterri Saretuz-en aurkezpena

Saioaren lehen zatian, Beterri Saretuz zer den azaldu zen: eskualdeko enpresa, kooperatiba eta askotariko eragileek osatutako elkarlan-sarea, tokiko garapen ekonomiko eta soziala ikuspegi eraldatzailetik sustatzeko sortua.

Azaldu zen zer egiten duen sareak egunerokoan: kideen arteko harremanak eta sinergiak sustatu, proiektu bateratuak martxan jarri, lurraldeko beharrei erantzuten dieten ekimenak bultzatu eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea ardatz duten praktikak indartu.

Halaber, etorkizunari begirako helburuak partekatu ziren: lurraldean errotutako jarduera ekonomikoa sendotzea, lan duina eta kalitatezkoa sustatzea, eta elkarlanean oinarritutako garapen eredua indartzea, pertsonak eta komunitatea erdigunean jarriz.

 

Sarea: kolektiboan pentsatuz

Bigarren zatian, sarearen izaera kolektiboa azpimarratu zen. Beterri Saretuz osatzen duten eragileak aurkeztu ziren: sektore ezberdinetako enpresak eta kooperatibak (industria, zerbitzuak, hezkuntza, zaintza, teknologia, komunikazioa…), tamaina eta jarduera desberdinetakoak, baina balio partekatuetan oinarrituak.

Ikasleek ezagutu ahal izan zuten zein lan mota egiten diren sareko kideetan, zer profil profesional behar diren eta zein aukera sor daitezkeen etorkizunean bertan lan egiteko edo proiektu berriak sustatzeko. Lurraldean bertan jarduteak duen garrantzia azpimarratu zen, tokiko ekonomiaren eta komunitatearen indartzean duen eragina nabarmenduz.

 

Ekonomia Sozial Eraldatzailea: praktika eta hezkuntza

Azkenik, Ekonomia Sozial Eraldatzailea zer den azaldu zen, modu ulergarri eta praktikoan: irabazi asmorik gabeko edo irabaziak berrinbertitzen dituzten egiturak, erabakiak modu demokratikoan hartzen dituzten erakundeak, eta jarduera ekonomikoa gizartearen zerbitzura jartzen duten proiektuak.

Kontzeptua ez zen soilik teorikoki azaldu; sareko kideen eguneroko praktiketan nola gauzatzen den partekatu zen: gobernantza parte-hartzailea, lan baldintza duinak, genero ikuspegia, ingurumenarekiko konpromisoa eta komunitatearekiko lotura estua.

Era berean, hezkuntzarako prestatutako gidak eta baliabide pedagogikoak aurkeztu ziren, ikastetxeetan Ekonomia Sozial Eraldatzailea lantzeko tresna gisa. Helburua da gazteek bestelako eredu ekonomikoak ezagutzea, ikuspegi kritikoa garatzea eta etorkizunean eragile aktibo izatea.

Saioa giro parte-hartzailean garatu zen, eta ikasleek galderak eta hausnarketak egiteko aukera izan zuten. Beterri Saretuz-etik balorazio oso positiboa egin dute esperientziaren inguruan, hezkuntza komunitatearekin elkarlana estrategikotzat jotzen baitute: “Gazteek gure lurraldeko errealitatea eta hemen eraikitzen ari garen alternatibak ezagutzea funtsezkoa da etorkizun kolektibo sendo bat eraikitzeko”.

Ekimen hau Beterri Saretuz-ek lurraldean saretzea, ezagutza partekatzea eta belaunaldi berriekin zubiak eraikitzea helburu duten jardueren baitan kokatzen da, tokiko garapen eredu bidezkoago eta iraunkorrago baten alde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!