Pasa den astean Gasteizen izan ziren Hernaniko boleiboleko kadete mutilak, Euskadiko txapelketa jokatzen; jokatzen eta irabazten. Beste zazpi taldek hartu zuten parte torneoan, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiakoak.
B multzoan aritu ziren lehendabizi, Madre de Dios Bilbao, Udapa Gasteiz eta Galdakao BTren aurka jokatzen. Multzoko lehen bi partiduak irabazi ondoren, finalera sailkatu zen, eta hirugarren partidua ez zuen jokatu behar izan.
Finala A multzoko lehen sailkatuaren aurka izan zen, CV Rekalde Bilbaoren aurka. Bost jokoetara (hiru joko irabazten dituenak garaitzen du) jokatzen zen finala, baina hernaniarrek lau baino ez zituzten behar izan txapeldun izateko, lehenengo, hirugarren eta laugarren jokoak irabazi baitzituzten.
Horrela, hernaniarrak Euskadiko txapeldun izatea ez ezik, Espainiako txapelketa jokatzeko premia ere irabazi zuten. Castellonen izango da hori, maiatzaren 20tik 24ra.
Seniorrak, hondartzan
Hernaniko senior neskak hondartzan daude, baina ez haien aisialdian, hondartzako boleibolean lehiatzen baizik. Laugarren jardunaldia jokatzekoak dira bihar Tolosan, arratsaldeko 16:00etan, Tolobolei jubenilen aurka.
Mutilak ere hondartza boleibol txapelketa jokatzen ari dira, baina kasu honetan, Hernaniko bi talderen presentzia dago ligan (Hernani KE senior eta Hernani KE). Neskak bezalaxe, laugarren jardunaldia jokatzekoak dira bihar Tolosan, 16:00etan Hernani senior Bera Beraren aurka, eta 18:00etan Hernani Tolobolei seniorren aurka.
Mutilen zein nesken kasuan, lehen fase honek zazpi jardunaldi ditu, eta ondoren, 'playoff'a jokatuko da, sailkapeneko lau onenen artean. Gaur-gaurkoz, neskak bosgarrenak dira sailkapenean, laugarrenetik puntu batera. Mutilen kasuan, Hernani senior taldea lehen sailkatua da, eta Hernani bosgarrena, laugarrenarekin berdinduta.