Batel denboraldia bukatuta, eta neska seniorrek trainerurako prestaketekin jarraitzen duten bitartean, trainerillarekin aritzeko hautua egin dute Hernaniko neska kadeteek. Joan den asteburuan hasi zuten Gipuzkoako Trainerilla Liga, eta Orion jokatu zuten zazpi estropadatatik aurrenekoa: bosgarren sailkatu ziren hernaniarrak, zortzi ontziren artean.
«Aurreneko ziabogara arte, nahiko denbora txukuna osatu zuten arraunlariek», azaldu du Erik Gonzalez entrenatzaileak; «baina itzulerakoan ez zuten arraunkerarekin asmatu. Dena den, nahiko hasiera ona eman diote ligari, eta detaile batzuk zuzentzean aurrera egingo dute. Arraunlari gehienentzat, aurreneko estropada zen trainerilletan».
Gaur bertan daukate bigarren hitzordua, Pasai Donibanen, arratsaldeko 16:30etan hasita; eta herritarrei luzatu diete deia, bertaratu eta arraunlariak animatzeko.
Horren ondoren, hiru egunetan hiru estropada izango dituzte datorren astean: maiatzaren 1ean Donostian, 2an Orion (Hernaniko Arraun Elkarteak antolatuta), eta 3an Getarian. Azkeneko biak Hondarribian eta Mutrikun izango dira, maiatzaren 9an eta 10ean.