Mattin Arluziaga: «Nire lehen finala da, baina azkena ez izatea espero dut»

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 25a

Mattin Arluziaga erremontista, Berria Txapelketako finalerako prest.

Denbora luzea pasa du kantxetatik at, lesioengatik. Orain, finala jokatzeko «gogoz» dago.

Erremonteko Berria Txapelketako finala jokatuko du Mattin Arluziaga hernaniarrak gaur Galarretan, arratsaldeko 16:30etan. Azpirozekin batera, Goikoetxea eta Ezkurra garaitzea izango du helburu. Lehen finala izango da 21 urteko erremontistarentzat. 2023an egin zuen debuta profesional gisa, baina urte bat igaro aurretik, hiru txorkatileko lesio izan zituen, bata bestearen atzetik, eta urtebete inguru egon zen kantxetatik kanpo. Pasa den urtean bueltatu zen berriro, eta orduztik ondo sentitzen da fisikoki zein konfiantza aldetik.

 

Zure lehen finala da, zer  moduz sentitzen zara?

Nire lehen finala da bai, aurretik jokatutako txapelketetan ez dut izan zorte edo abilezia nahikorik finalera iristeko. Berria Txapelketa berezia da gainera, lehen zein bigarren mailako jokalariak nahastuta jokatzen baitugu. Ez genuen espero honaino iristea, baina lortu dugu, eta espero dut ez izatea azken finala niretzat. Finala jokatzeko gogoarekin nago. 

 

Zer moduz ikusten duzu zure kidea den Azpiroz?

Gogo handiz. Uste dut bietako inork ez zuela espero honaino iritsiko ginenik. Finalean ere faboritoak ez gara. Baina horrelakoetan presio gutxiagorekin zoaz jokatzera. Hala ere, irabazi nahi izanez gero zure buruari asko exijitu behar diozu. 

 

Eta aurkariak zer moduz  ikusten dituzu?

Ni batez ere Joseba Goikoetxearekin asko ibili naiz, Ezkurrarekin gutxiago, nik debuta egin nuenean bera jada lehen mailan zegoen eta. Azpiroz eta Ezkurra ere asko ibili dira batera. Goikoetxea oso motibatuta dagoela dakit. Azkeneko bi edizioetako txapelduna da, eta hirugarrena nahi du. Gainera, denok dakigu Ezkurra sekulako boterea duen jokalaria dela. Txapelketa hontako partida guztiak irabazi dituzte, eta oso indartsu datoz. 

 

Finala irudikatu duzu egun hauetan? Nola?

Bai, imaginatu dut askotan finala; nola jolastu, nola pasa Ezkurrari, nola egin mina batez ere. Gu ez gara bikota oso esplosiboa, orduan beti saiatzen gara aurkaria baina pelota bat gehiago sartzen frontisera. Horrek eraman gaitu honaino, irabazitako bi partidak desenpatean izan dira. Beraiek ere semifinala hala irabazi zuten. 

Beraz, uste dut finaleko garailea ere bigarren zatian erabakiko dela. Lehen partea ondo jokatzea garrantzitsua izango da, baina bigarren zati horretara fresko iristea, eta ahalik eta ondoen jolastea ezinbestekoa izango da. Orotara, asko landu beharreko finala izango da. Ezkurrak asko agintzen du aurrean, Goikoetxeak ere ondo eusten du. Kostatuko zaigu, beraz, garaipena lortzea, baina espero dugu irabaztea. 

 

Nolakoa izan da orain arteko bidea txapelketan?

Bidea zaila izan da. Arraro hasi zen; izan ere, lehen partidua irabazitzat jo ziguen aurkarietako bat lesionatu egin zelako. Bigarrena Martixpe-Barrenetxea bikotearen aurka izan zen. Denok dakigu Barrenetxea zelako erremontista den. Inork ez zuen espero guk partidu hori irabaztea, baina hala egin genuen, desenpatean. 

Horrela, bi garaipen horiekin, finalerdietara pasatzea lortu genuen. Bi aurkari oso haundi izan genituen semifinaletan, Segurola eta Aldabe. Partidu hori ere desenpatean irabazi genuen. Irabazi ditugun bi partiduak desenpatean izan dira, eta gainera, bietan lehendabiziko seta aurkariek irabazi digute beti, beti partiduari buelta ematea tokatu zaigu. 

 

Irabaziz gero, nola ospatuko duzu?

Ez dut ezer pentsatu ospatzeko, partiduaren ostean pentsatuko dugu, ziur zerbait bururatzen zaigula. Gainera, nahiz eta galdu, finala bera jokatzea ospatzekoa da. 

Aurretik pasatako guztia pasa ondoren, hainbeste denbora lesionatuta kantxetatik kanpo egon ondoren, fisioekin etengabe lanean, final hontan egote hutsa ospatzekoa da. Irabazten badugu askoz hobeto, noski.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!