Burruntziak eta sorgin-orratzak aztergai auzolanean, udaberriarekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 24a

'Brachytron' espezieko odonatu bat. Argazkia: Iñaki Mezquita

Hernaniko lau ikastetxek ikertuko dituzte odonatuak Ave Mariako urmaelean, Iñaki Mezquitaren laguntzaz; eta horiei buruzko fitxa bana argitaratuko du Kronikak, datozen zortzi asteotan.

 

Asko eta asko dira Ave Mariako urmaela bizileku hartu duten burruntziak eta sorgin-orratzak, Hernaniko irakasle, ikasle, guraso eta herritarrek auzolanean egin zutenetik. Eta orain, bizilagun berriei 'izena' jartzeko garaia iritsi da herriko ikastetxeetan. Auzolanean egingo dute hori ere, Langileko, Elizatxoko, Urumeako eta Txirritako ikasle eta irakasleek, Iñaki Mezquita Aranzadiko zientzialariarekin batera.

Izan ere, elkarrekin identifikatuko dituzte Ave Mariako urmaelean dauden intsektu ondonatuak, udaberriarekin batera, datozen asteotan. Eta ikerketa burututa, inbentarioa osatuko dute. Horretarako, formakuntza saio bat eskainiko die Mezquitak berak hainbat irakasleri, bihar goizean.

Dezente lehenago hasi zen mamitzen kontua. Joan den udaran etorri zen Iñaki Mezquita Ave Mariara, eta bertan aurkitu zuen espezie oso berezi bat, Iberiar penintsula osoan bertan bakarrik identifikatua zegoena une horretan. Horrek interesa piztu zuen irakasleen artean, eta mahai gainean jarri zuten ikasleekin ondonatuen gaia lantzeko aukera, Iñaki Mezquitaren eskutik formazioa jasota.

Horixe da bihar goizean egingo dutena, Ave Marian elkartuta. Aurrena, erakutsiko die zer den burruntzi bat eta zer sorgin-orratz bat, zein espezie egon daitezkeen bertan, zertan jarri behar duten arreta, zer ezaugarri dituzten... Eta ondoren, atal praktikoa ere landuko dute urmaelean: nola egiten den laginketa bat. 

Horrela, datozen asteotan irakasleek gidatuko dute ikasleen ikerketa, urmaelera bertaratuta, ondonatu espezie ezberdinak idenfitikatzeko. Bildutako datuak Iñaki Mezquitari pasako dizkiote, eta era berean, zientzialariak konpromisoa hartu du bera ere urmaelera etortzeko tarteka, espezieak identifikatu eta irakasleei helarazteko. Modu horretara osatuko dute, elkarrekin, inbentarioa.

'Ischnura graellsii'. Argazkia: I.M.
 

Burruntzien eta sorgin-orratzen fitxak, astero Kronikan

Ikerketa egiten ari diren bitartean, Kronikan ere izango dute bere tokia intsektu ondonatuek. Izan ere, datorren astetik aurrera, astero burruntzien eta sorgin-orratzen fitxa bana argitaratuko du, Iñaki Mezquitaren eskutik, guztira zortzi espezie ezberdin ezagutzeko.

Ezaugarri asko dauzkate burruntziek eta sorgin-orratzek komunean. Seina hanka dauzkate, begi konposatuak eta bi antena, eta metamorfosiaren bitartez garatzen dira, hiru fasetan: arrautza, larba eta heldua.

«Heldutasun sexuala lortzeko epe bat behar izaten dute intsektu helduek, eta tarte horretan kolorazioa aldatu egiten zaie (batez ere arrei). Espezie askok dimorfismo sexuala dute (arra eta emea ez dira kolorazio berdinekoak), eta arren kolorazioa askoz ere deigarriagoa izaten da bere espezieko emeena baino. Horretaz gain, espezie batzuetako emeek polimorfismo izeneko ezaugarri bat dute, hau da, espezie baten barruan itxura desberdineko emeak daude (arren itxurakoak ere, sarritan)», azaldu du Iñaki Mezquitak.

«Beraien anatomia gehixeago aztertuta, burua, toraxa, abdomena, hankak eta hegoak bereizten ditugu. Lau hegoak toraxean txertatzen dira, eta abdomena hamar segmentuz osatuta dago», dio zientzialariak: «Abdomenaren amaieran arrek estalketan emeari heltzeko apendize batzuk dituzte (hiru burruntziek eta lau sorgin-orratzek). Emeen ugaltze aparatua abdomenaren bukaeran dago, arrena, berriz, bi zatitan banatua dago (planetako animalia bakarrak dira) abdomeneko lehen segmentuetan (2S-3S) eta amaieran (8S-9S). Esperma abdomenaren bukaeratik hasierara eraman behar dute eta hori da 'bihotz' itxura sortzea bikotea elkartzerakoan».

Biologiari dagokionez, berriz, «larbak uretan garatzen direla esan behar, nahiz eta arrautzak ez beti uretan bertan jarri. Hori bai, eklosio garaian larbak uretara joaten dira espezie batzuetan eta beste batzuetan eklosioa ura arrautzak jarri ziren lekura ailegatzen denean izaten da (udazkeneko eurien bitartez)».

Baina antzekotasunekin batera, burruntziek eta sorgin-orratzek badauzkate ezberdintasun ugari ere, eta horietan arreta jartzeak lagunduko digu haiek bereizten. Horretarako gida osatu digu Mezquitak berak, azpian laburbilduta. Nahi duenak, badauka nondik abiatu, auzolanean egingo den ikerketan bere aletxoa jartzeko.

NOLA BEREIZI?

BURRUNTZIA BADA...

Itxura sendoa du

Hegaldi indartsua eta luzea burutzen du

Aurreko hegoak eta atzekoak ezberdinak ditu

Pausatuta dagoenean hegoak ez ditu bizkarrean biltzen, hego­ak zabalduta mantentzen ditu

Begi haundiak ditu eta elkarrengandik gertu, eta elkar ukitzen dute

Estalketa burutzerakoan arrak emeari burutik heltzen dio

Hegan doan bitartean ehizatzen du

SORGIN-ORRATZA BADA...

Itxura liraina du

Hegaldi laburra eta altuera baxuan burutzen du

Lau hegoak berdinak ditu

Lau hegoak bizkarraldean biltzen ditu pausatzen denean (albotik bakarra dela dirudi)

Begiak buruaren alboetan ditu, borobil-borobilak dira. Buruak mailu edo T itxura du.

Estalketa burutzerakoan arrak emeari lepo ingurutik heltzen dio

Pausatutako harrapakinak ehizatzen ditu

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!