Beste urte batez, Sorkuntza Bekaren deialdia jarri du martxan Hernaniko Udalak, «herriko artista eta sortzaileen proiektuak babesteko». Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago, maiatzaren 20ra arte. Interesa dutenek hernani.eus webgunean eskuratu dezakete deialdiari buruzko informazio osoa, eta baita kultura@hernani.eus helbide elektronikora idatzita ere.
Hiru proiekturi dirulaguntza, joan den urteko bekatik
Joan den urtean bezala, 15.000 euro bideratuko ditu Udalak horretara. Hiru izan ziren iazko deialdian laguntza jaso zuten proiektuak: Endika Bengoetxearen 'Las musas de Amparo'; Karena musika taldea; eta Natalia Martinezen 'Pin-txoak!'.
«Elektropop euskal-kataluniarra» nahasten duen proiektua da Endika Bengoetxearen 'Las musas de Amparo'. Franzina Pegenauterekin eta Ruben Tamaritekin batera landu du, eta dantza, musika eta performanzea uztartu dituzte, euskeraz, katalanez eta gazteleraz abestuta. 7.000 euroko dirulaguntza jaso zuen proiektuak, Sorkuntza Bekatik.
Natalia Martinezen 'Pin-txoak!' proiektuak, berriz, 6.600 euro jaso zituen bekatik. «Euskera ikasteko etapak ospatzen dituen intsignia bilduma bat da», azaldu dutenez. «Jatorriz Bartzelonakoa den eta euskera ikasten ari den pertsona baten motibazio pertsonaletik abiatu da proiektua».
Eta Karena pop-folk musika talde hernaniarrak, azkenik, 1.400 euroko dirulaguntza jaso zuen bere single berria sortu eta grabatzeko. Xabier Elizegik, Irati Gardokik, Beñat Kamiok, Irati Jauregik eta Andoni Zabalok osatzen dute boskotea.
Diziplina ezberdinetako sortzaileek izango dute aukera aurtengoan ere, beren proiektuetarako laguntza jasotzeko.