Dultzaineroen Topaketak hartuko ditu Hernaniko kaleak, igande honetan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 23a

Bigarrenez egingo dute topaketa, Gipuzkoako, Nafarroako eta Errioxako musikariak elkartuta, denera 150 lagun inguru. Goizeko 10:30etan hasiko dute kalejira, eta eguerdian bukatu bazkariarekin.

 

Asteburu ederra izango da datorrena, Hernaniko kale eta plazetan barrena. Larunbatean dantzari gaztetxoak izango dira protagonista, Dantzari Astearen azkeneko eguna ospatzeko; eta iganderako antolatu dute Hernaniko Dultzaineroen Topaketa, bigarren urtez.

2023an egin zuten aurrenekoz, eta hiru urteren ondoren berriro sentitu dute «lagunekin elkartzeko premia», Hernaniko Dultzaineroek. Eta horrekin, «gure herritik kanpora dultzainaz edo gaitaz lanean ari diren haietako batzuk hona ekartzekoa, herritarrok ere bertatik bertara ezagutu dezaten dultzaineroak Euskal Herrian barrena egiten ari diren lana. Lan horren zati txiki bat behintzat, ezinezkoa baita gaur egun gure herri musikan lanean ari den jende andana hona ekartzea», nabarmendu dute antolatzaileek.

Guztira 150 musikari inguru elkartuko dira igandean Hernanin: dultzaineroak, gaiteroak, atabalariak eta xirolarru jo­leak. Gipuzkoako, Nafarroako eta Errioxako hainbat herritatik etorriko dira, kaleak goizean goizetik alaitzera.

10:00etan jarri dute elkartzeko zita, eta ordu erdi beranduago abiatuko dira kalejiran, Kaxkoan eta inguruko auzoetan barrena: «Ia herri osoa betetzeko asmoa dugu dultzaina doinuz, eta iristen ez garen auzoetatik ere badugu esperantza entzungo gaituztela». Hamaiketakoa egiteko elkartuko dira Santa Barbara elkartean, eta kalejiran osatuko dute Tilosetarako bidea gero, bertan emanaldi nagusia eskaintzeko: «Denok elkarrekin dardarka jarriko ditugu Kaxkoko kaleak, Tilosetako kisokoaren parean dultzaina emanalditxoa eskaintzeko, doinu aukeratuekin». Bazkari eder batekin borobilduko dute topaketa, Oialume Zar sagardotegian.

1988tik, Hernaniko kaleak dultzaina doinuz janzten

Bigarren edizioa du topaketak, baina badira 38 urte Hernaniko Dultzaineroak estreinakoz atera zirela kalera, San Joanetan diana jotzera: «Hernani Musika Eskola Publikoan hezi eta hazi gara ordutik, 38 urtez herria dantzan jarriz. Hainbat kalejira eta dantza saio egiten ditugu urtean barrena, Hernanin nahiz inguruko makina bat txokotan, eta ez dugu honezkero aurkezpen haundirik behar gure herrian. Ibilbide luze horretan, lagun asko egiteko aukera ere izan dugu, dultzaina eta danborren soinua aitzaki, eta horrek eraman gintuen 2023an lehenengo topaketa antolatzera», kontatu dute.

Dantzari txikiak Kaxkoan barrena, larunbatean

Dultzaineroen Topaketaren bezperan, Dantzari Asteak jantziko ditu Kaxkoko kaleak, bere azkeneko egunarekin. Erromeria izango da eguerdian Plaza Berrin, eta arratsaldean dantzari gaztetxoen sei taldek hartuko dute Kaxkoa, 17:00etatik aurrera: Donibane Lohizuneko Begiraleak, Urnietako Egape, Donostiako Eskola eta Trebeska, Trintxerpeko Illumbe eta Hernaniko Ttarla. Bukaeran, denek elkarrekin eskainiko dute emanaldia.

II. DULTZAINEROEN TOPAKETA

HERNANI

APIRILAK 26, igandea

10:00-10:15, Elkartzea, Hernani Musika Eskolan.

10:30, Kalejirak, Kaxkoan eta inguruko auzoetan: Lizeaga, Portu, Karabel, Txantxilla, Karobieta, Latsunbe, Florida...

11:15, Hamaiketakoa, Santa Barbara elkartean.

12:00, Kalejira orokorra, Kale Nagusitik Tilosetara.

12:45, Dultzaina joaldia, Tilosetan.

13:30, Kalejira orokorra, Andre Kaletik Zinkoeneara.

14:30, Bazkaria, Oialume Zar sagardotegian.

Partehartzaileak izango dira Nafarroako, Gipuzkoako eta Errioxako 150 dultzainero, gaitero, tabalari eta xirolarru jole inguru: Azkoien, Azkoitia, Barañain, Baztan, Bilbo, Deba, Erriberri, Errioxa, Faltzes, Hernani, Iruñea, Lizarra, Oiartzun, Tolosa eta Viana.

*Oharra: Eguraldi txarra eginez gero, dultzaina joaldia Atsegindegin izango da, eta kalejirak udaletxeko arkupeetan edota Tilosetako kioskoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!