Izenematea zabalik, Aralar tabernako mus txapelketan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 22a

Larunbatera arte eman daiteke izena, eta 50 euro dira bikoteko. Sari potoloak izango dira lau bikote onenetzat.

Laster hasiko da Aralar tabernako mus txapelketa ezaguna, eta edizio borobila izango du aurtengoa: 40garrena. Parte hartu nahi duenak, zabalik dauka izena emateko epea, larunbatera arte: 50 euro dira bikoteko.

Hainbat astez luzatuko da muslarien lehia tabernan, eta bikote onenek sari potoloak eskuratuko dituzte, beste urte batez. Horrela, bikote txapeldunak bildutako diruaren %50 eskuratuko du, eta baita garaikurra, txapela eta oparia ere. Txapeldunordeek, berriz, bildutako diruaren %25a jasoko dute, garaikurrarekin eta opariarekin. Hirugarren bikoteak diruaren %15a jasoko du, eta laugarrenak %10a, eta biek izango dituzte garaikurra eta oparia ere. Gainera, lau bikote horiek, eta hurrengo lauek, Errioxako ardo bodega batera joateko gonbidapena ere jasoko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!