Hernanik hondakinen kudeaketako Europako hiri eta herrientzako Zero Zabor Ziurtagiriaren laugarren izarra jaso du. Ziurtagiri horren helburua da «zero zaborrera trantsizioa eta tokiko mailan ekonomia zirkularra sustatzen duten herriak zein hiriak aitortzea».
2023an eskuratu zuen herriak Zero Zabor Ziurtagiria. Bost izarretatik hiru jaso zituen orduan; «orain arte egindako lanaren eta hobekuntzen ondorio da» eskuratu berri den laugarrena. «Izar berri hau Hernaniko Udalak zein Hernaniko herritarrek hondakinen kudeaketan egindako lanaren errekonozimendua da», adierazi du Xabier Lertxundi alkateak.
«Dagoeneko egonkortuta» dauden atez ateko sailkako bilketa, konpostaje deszentralizatua, edota sortzearen araberako ordainketaz gain, Mission Zero Academyk (MIZA) azpimarratu du Hernanin azken urteetan Zero Hondakinaren Estrategian «urrats garrantzitsuak» eman direla. Azken urteetan proiektu berriak sortu ditu Udalak zero zabor bidean: Trukehernani.eus webgunea, Asteklimako tailerrak, sortze besteko sistemaren ezarpenean aurrerapenak edota autokonponketa tailerra, besteak beste.
Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, Udalaren helburuak dira «zero zabor bidean jarraitzea eta hondakinen kudeaketa eta proiektuen etengabeko hobekuntza».
Herriko zaintza politika, eredu Gironan
Bestalde, Hernaniko Udala gonbidatu zuten apirilak 9an Gironan izandako 'Municipalisme i poscreixement' jardunaldira. Bertan, zaintza arloan aurrera daraman politika sektoriala aurkeztu zuen Xabier Lertxundi alkateak. Jardunaldiaren antolatzaileen artean, Gironako Udala eta Bartzelonako Diputazioa daude.