Dirulaguntza deialdia zabaldu du Hernaniko Udalak, «lehenengo sektorea sustatzeko eta herriko elikadura burujabetza indartzeko». Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago, maiatzaren 13ra bitarte; eta bi modutara egin daiteke: internet bidez, hernani.eus webgunean; edota aurrez aurre, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan.
Guztira, 20.000 euroko partida bideratuko du «tokiko ekoizleen lana eta banaketa sarea sustatzera». Izan ere, Udalak adierazi du gaur egungo elikadura eredua «kanpoko logiken menpe» dagoela «erabat», Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzen diren elikagaien %5a besterik ez baita bertan ekoitzitakoa. «Mendekotasun horrek ondorio zuzenak ditu gure lurraldean, osasunean eta gizartearen kulturan». Egoera horri aurre egiteko, Udalarentzat «estrategikoa» da lehenengo sektorea indartzea.
Horrela, Hernaniko ekoizle profesionalei eta semi-profesionalei zuzenduta dago dirulaguntza deialdia. «Baldintza nagusiak dira ustiapena Hernanin egotea eta gutxienez 0,5 NLUko dimentsioa izatea», azaldu dute. Horrez gain, ezinbestekoa da zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea ere.
Dirulaguntza, urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarteko inbertsio edota jardueretarako
Eskaera orain egin arren, diruz lagunduko dituzte 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako inbertsioak edota jarduerak. Horiek izan daitezke ekoizpenerako egindako inbertsioak (negutegiak, makineria, ureztatze instalazioak, teknologia hobekuntzak eta tresnen konponketak), banaketarekin lotutakoak (ekoizpena banatzeko baliabideak eskuratzea), edota aholkularitza eta sustapenekoak (belaunaldi erreleborako azterketak, ekoizpen ekologikoa bultzatzeko egitasmoak eta kontsumoa sustatzeko ekintzak).
Gehienez ere egindako inbertsioaren %75a estaliko du dirulaguntzak, baina eskatzaile bakoitzak ezingo ditu jaso 2.000 euro baino gehiago.