Gaur arratsaldean bukatuko du errugbiko Ohorezko Elite Mailako liga Hernanik, etxeko zaleen aurrean, 16:00etan Landaren. Errebantxa zaporea izango du partiduak trikoloreentzat, Zaragozako Fenixen bisita jasoko baitute: haien zelaian hasi zen gaur arte luzatu den bolada txarra. Bederatzigarren jardunaldira lider iritsi ondoren, Zaragozan galdu zuten hernaniarrek urtarrilaren 17an (33-14), eta ordutik bederatzi porrot kateatu dituzte segidan. Gaurkoa irabazteak balioko luke, behintzat, denboraldia aho zapore pixka bat gozoagoarekin bukatzeko. Salbazioa ziurtatuta dauka, play offerako aukerarik ez, baina posturen bat egin dezake gora sailkapenean. Zazpigarren daude une honetan, 35 punturekin, eta aurretik dauzkate Valencia (36) eta Las Rozas (39), elkarren kontra ariko direnak bihar eguerdian.