Gaur bertan hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren bigarren fasea. Final laurdenetan ekingo diete kanporaketei, eskualdekako lehenengo fasetik sailkatu diren zortzi taldeekin. Horietako bat da Hernaniko lehenengo taldea, Buruntzaldeko finala irabazi ondoren. Etxean ariko dira, arratsaldeko 19:00etan Milagrosan, apirilaren 24an: Irungo Txingudi A taldea izango dute aurrean.
Honakoek osatzen dute Hernani 1 taldea: Ekain Tolaretxipi, Unai Agirre, Eñaut Martikorena eta Eli Pagola dira bertsolariak; Markel Oiarzabal gai-jartzailea; Ainara Azpiazu 'Axpi' epailea.
Lehenengo final laurdena Zaldibian jokatuko da gaur, Alegiko Boskatu eta Zumarraga Urretxu 1 taldeekin. Bihar, berriz, Azpeitian ariko dira bertako Zaharrak Berri eta Zarauzko Allepunta taldeak.
Soraluzen jokatuko da final laurdenetako azkeneko saioa, apirilaren 25ean: Eibarko Xarmaginak eta Arrasate eta Eskoriatzako Leintz izango dira aurrez aurre.
Lau kanporaketak irabazten dituzten taldeek, semifinalak jokatuko dituzte, maiatzaren 9an Oñatin eta hilaren 16an Tolosan. Bigarren horretan kantatuko luke Hernanik irabaziz gero, Xarmaginaken edo Leintzen kontra. Finala maiatzaren 30ean izango da, Aian.
Final laurden eta finalerdi guztietarako sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus webgunean. Kasu guztietan 10 euroan daude salgai; gazteentzat eta Bertsozale Elkarteko bazkideentzat 8 euroan.