Elkartrukea egingo dute Hernaniko Goiz Eguzki eta Madrilgo Voces de Barrio abesbatzek, aurten; eta horren baitan, Madrilen izango dira hernaniarrak, aste honetan. Ostiralean joango dira bertara, eta igandean bueltatu. Bitarte horretan, bi kontzertu eskainiko dituzte.
Ostiralean bertan izango da aurrenekoa, Chamberí auzoan, San Bizente Paulen Karitateko Alabak elkartearen egoitzan. Arratsaldeko 19:30etan izango da emanaldia, eta Voces de Barrio abesbatzarekin batera ariko dira: hernaniarrak Vinaixa Gartzia Ezeizaren zuzendaritzapean, eta madrildarrak Felipe Lemus Duartek gidatuta.
Bigarren emanaldia hurrengo egunean izango dute, larunbatez. Kasu horretan, Nuestra Señora de Monserrat elizan ariko da Goiz Eguzki abesbatza, bakarrik, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
«Urduri eta pozik», Euskal Herritik kanpo lehenengoz abesteko
Oso irteera berezia izango da asteburu honetakoa, Goiz Eguzki abesbatzako kideentzat. Izan ere, aurreneko aldiz abestuko dute Euskal Herritik kanpo. Hori horrela, aldi berean «urduri eta pozik» daudela aitortu dute.
Lehendik ere badaukate harremana Goiz Eguzki eta Voces de Barrio abesbatzek, eta horri esker antolatu dute elkartrukea oraingoan. Hernaniarrek aste honetan egingo dute bisita, eta madrildarrak bueltan etorriko dira Hernanira, maiatzean.