Garbiguneko objektu berrerabilgarriak, Trukehernani.eus-en eskuragarri

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 15a

Eñaut Gracia eta Ainara Atorrasagasti, Hernaniko garbigunean.

Hernaniko Udalak eta eta San Marko Mankomunitateak elkarlanerako protokoloa sinatu dute, objektuei bigarren bizitza bat emateko helburuarekin.

Hernaniko Udalak eta San Marko Mankomunitateak protokoloa sinatu dute, Hernaniko garbigunean jasotzen diren objektuei «bigarren bizitza bat» emateko helburuarekin. Horretatako, Ibarluzeko garbiguneko objektuak eskuragarri egongo dira Trukehernani.eus webgunean. 

Webgunean garbigunearen eskutik publikatzen diren produktuak guztiz doakoak dira. Interesatuta egonez gero, webgunean doan erregistratu ondoren, produktua erreserbatu behar da, eta aste beteko epearekin garbigunera joan hori jasotzera. Herritarrek publikatutako produktuak eta garbigunekoak bereizteko, bigarren horiek ur-marka bat dute, garbigunea hitzarekin. Jada hainbat objektu daude webgunean eskuragarri. 

San Marko Mankomunitateko zuzendaria den Eñaut Graciak azaldu duenez, «asko hitz egiten da birziklatzearen inguruan, baina hori baino garrantzitsuagoa da inpaktua txikiagotzea, adibidez objektuei bigarren edo hirugarren bizitza bat ematearen bidez». 

Bestalde, Hernaniko Ingurumen zinegotziak, Ainara Atorrasagastik, adierazi du 2024ean helburu berberarekin bultzatu zela Trukehernani.eus plataforma: «Hondakin kopurua gutxitzeko, bigarren bizitza izan dezakeen objektu bat hondakin ez bilakatzeko modu bat da. Beste helburu bat herritarren artean trukaketa sustatzea zen, baina ekimen honetan beste pausu bat ematen da; izan ere, garbigunean objektuei bigarren bizitza bat bilatzen zaie, eta webgunean objektu horiek prublikatzearen bitartez, aukera bat gehiago eskaintzen da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!