Ziurtatu du Hernanik, azkenean, datorren denboraldian ere Ohorezko Elite Mailan jokatzeko txartela. Trikoloreek ez zituzten etxeko lanak egin Madrilen, 24-19 galdu baitzuten Cisneros azkeneko sailkatuaren zelaian; baina Gernikaren 'faborea' baliatu dute azkeneko jardunaldira lasai iristeko. Bizkaitarrek 42-29 menderatu zuten Pasek Belenos azkenaurrena, eta horrekin, erabakita geratu dira jaitsierako bi postuak.
Ez zuten bere partidurik onena jokatu hernaniarrek larunbatean, eta bigarren zatian 14-19 aurreratu ziren arren, ez zuten jakin abantailari eusten. Cisnerosek azkeneko zatian lortutako bi entsaiok zapuztu zuten trikoloreen garaipena.
Zaragozako Fenixen kontra jokatuko du denboraldiko azkeneko partidua Hernanik, datorren larunbatean, 16:00etan Landaren. Ahalik eta posturik onena lortzea izango dute jokoan, lau puntuko aldean baitaude bosgarren postutik zortzigarrenera sailkatutako taldeak: Las Rozas (39), Valencia (36), Hernani (35) eta Les Abelles (35).