Berdinketa liderraren etxean, Euskal Ligako Hernaniko neskek

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 14a

Ane Rosco, Zarautzen aurka.

Nahiz eta aukera gehienak berdeen aldekoak izan, ezin izan zuten garaipena eskuratu Basauriko Kimuak taldearen zelaian.

 

Ez zen golik izan Basauriko Kimuak ligako liderraren eta Hernaniko nesken arteko partiduan. Igandean, Basauriko Artunduaga futbol zelaian, berdeek aukera polita zuten liderrarekiko distantzia hiru puntura mu­rrizteko. Berdindu egin zutenez, distantzia sei puntukoa da, eta hiru partidu falta dira liga amai­tzeko; horrenbestez,  nahiz eta oso zaila izan, hernaniarrek oraindik lehen postuan amaitu dezakete txapelketa, eta igoera lortu. 

Garaipena merezi izan zuten Euskal Ligako Hernaniko neskek; izan ere, taldeko jokalari den Sara Riveroren hitzetan, pena izan zen emaitza: «Aukera gehiago izan genituen, eta argienak gure aldekoak izan ziren, baina baloia ez zen porterian sartu nahi izan».

Hala ere, beste alde batetik «liderraren etxean 0-0 gelditzeak eta horrela jokatu izanak argi uzten digu zer egiteko gai garen eta sailkapenean hor goran egotea merezi dugula».

Esan bezala, liderra sei puntura dago, eta Pauldarrak taldea bigarren jarri da sailkapenean, Hernani baino puntu bat gehiagorekin. Gauzak horrela eta hiru jardunaldi baino geratzen ez direnez, oso zaila dute berdeek zuzeneko igoera lortzea. Liderrak eta agian, arrastreak medio, bigarren sailkatuak eskuratuko lukete zuzeneko igoera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!