Balentria galanta borobildu du Hernaniko eskubaloi taldeak, gaurkoan: Gipuzkoako lehenengo mailara igoera lortu dute mutil seniorrek, play offeko finalean Elgoibar menderatuta (29-27), etxeko zaleen aurrean, eta haien bultzada ikaragarriarekin.
Halako final batek eskatzen duen moduan, maila gorenekoa izan da partidua, eta giroa sekulakoa harmailetan. Tentsio eta erritmo haundikoa izan da lehia kantxan, hasierarik bukaerara, eta markagailua irauli behar izan dute hernaniarrek, igoera lortzeko.
Izan ere, hiru goleko abantailarekin ziren elgoibartarrak, ordu laurden falta zela (18-21); eta bat gutxiagorekin geratu da Hernani. Baina orduan atera dute bere onena etxekoek, eta dena kontra zutenean, partidua berdindu dute (21-21). Zoramena nagusitu da harmailetan, eta sekulakoa izan da hortik aurrerakoa. Elgoibar izan da orduan bat gutxiagorekin geratu dena, 50garren minutuan falta gogorra eginda (hortz bat galdu du Oier Alegria hernaniarrak), eta ondo baliatu du Hernanik, bi goleko abantaila eskuratuz (24-22).
26-23 ziren bost minuturen faltan, baina ez zen partidu bukaera xamurra izango, inondik ere. Jokalari bat gutxiagorekin geratu da Hernani bi minuturen faltan (27-25), baina bikain eutsi dio defentsan, eta beste jokalari bat ere galdu du minutu erdi falta zela (29-27). Baina igoerak ez zion ihes egingo ordurako, eta epailearen azkeneko txistu hotsak dantzan jarri ditu jokalariak kantxan eta zaleak harmailetan. Elkarrekin ospatu dute garaipen haundia eta igoera, Axeri Dantzaren eta 'Txoria txori' abestiaren doinuen airera.