Madrilen ere ezin izan du eskuratu Hernanik, errugbiko Ohorezko Elite Mailan, hain beharrezkoa duen garaipena. Trikoloreek 24-19 galdu dute Cisnerosen kontra, etxekoek partiduaren bukaera aldera lortutako bi entsaioren ondorioz. Azkeneko minutuetan izan dute hernaniarrek aukera, behin baino gehiagotan, garaipena emango zien entsaioa eskuratzeko; baina azkeneko metroetan egindako akatsek kondenatu dute taldea bederatzigarren porrota jarraian jasotzera.
Ez da trikoloreen partidurik onena izan gaurkoa, eta hasieratik kosta zaie madrildarren aurrean nagusitzea. Edonola ere, azkar lortu dute aurreneko entsaioa, baina azkarra izan da etxekoen erantzuna ere, beste entsaio batekin (7-7). Eta lehenengo zatiaren erdia gaindituta, Cisnerosek berak lortu du aurrea hartzea markagailuan, beste entsaio batekin (14-7). Kontrara, nahi eta ezin aritu dira hernaniarrak, eta puntu gehiago lortu gabe iritsi dira atsedenera.
Beste itxura bat hartu du bigarren zatiaren hasierak, berehala egin baitu bigarren entsaioa Hernanik, Unax Goikoetxearen eskutik, bandako sakea eta maula baliatuz. Ezin izan du berdintzeko transformazioa lortu Beñat Arizetak, baina handik gutxira hartu dute aurrea trikoloreek, jokaldi azkarrean Ibon Gonzalezek egindako entsaioari esker, eta Arizetak oraingoan zutoinetara asmatuta (14-19).
Pozak gutxi iraun die hernaniarrei, ordea, minutu gutxiko tartean bi entsaio lortu baitituzte madrildarrek. Bietako bakar bat ere ez transformatu arren, azkenerako nahikoak izan dira garaipena lortzeko (24-19).
Porrotarekin, salbazioa ziurtatu gabe jarraitzen du Hernanik, eta mesederik ez dio egin Les Abellesek azkeneko unean lortutako garaipenak ere, Valentziaren kontra (20-18). Gaurko defentsako bonusarekin, 35 puntu dauzkate trikoloreek, Les Abellesek bezalaxe; eta 28 punturekin dago Pasek Belenos azkenaurrena. Asturiarrek bihar jokatuko dute Gernikan, eta bizkaitarren 'faborea' behar du Hernanik, salbazioa ziurtatzeko, azkeneko jardunaldia ez dadin izan dramatikoa. Belenosek Gernikan irabaziko balu, mailari eusteko aukerarekin iritsiko litzateke ligaren bukaerara, eta etxean jokatuko du datorren astekoa, Cisnerosen beraren kontra.
Konpromiso zailagoak dauzkate Hernanik eta Les Abellesek, azkeneko jardunaldian: trikoloreek Zaragozako Fenixen bisita jasoko dute Landaren, eta valentziarrek Pozuelo liderraren zelaian jokatu beharko dute.
Hori baino lehen, Gernikara begira izango dira hernaniarrak bihar eguerdian, gaur hartu gabeko lasaitua hartzeko.