«Pena» izan zen Hernaniko jokalarientzat, Gernikaren kontrako derbia puntu batengatik galtzea, azkeneko momentuan irabazteko aukera izanda. Baina partidu horretatik «indartuta» atera dira trikoloreak, Anartz Elosegik kontatu duenez: «Txip aldaketa bat ikusi genuen, eta bueltatu ginen denboraldi hasierako jarrerara eta sentsazioetara. Partidu on bat osatu genuen, eta borrokatu egin genuen».
Horregatik, «gogotsu» daude gaurko partiduari begira: Madrilen jokatuko dute Ohorezko Elite Mailakoa, Cisneros azkeneko sailkatuaren kontra, arratsaldeko 17:00etan. Salbazioa matematikoki ziurtatzea daukate jokoan, eta garaipena behar dute horretarako. Bestela, zain geratu beharko dute Pasek Belenosek bihar Gernikan zer egingo, azkeneko jardunaldira «lasai» iristeko.
Etxean bukatuko dute denboraldia trikoloreek, datorren asteburuan, errebantxatik eta arantza ateratzetik izango duen partiduarekin: Zaragozako Fenix izango dute bisitari Landaren, eta hain juxtu, haien kontrako porrotarekin hasi zuten bolada txarra, gaur arte luzatu dena. Haiei irabaztea, ez litzateke liga bukatzeko modu txarra.