Beste urte batez, eta badira 28 dagoeneko, Euskal Herri osoko dantzarien topagune izango da Hernani. Datorren asteburuan hasiko da Dantzari Astea, eta zortzi egunez, apirilaren 18tik 25era, ehunka dantzarik hartuko dute herria, San Joan Konpartsaren deiari erantzunez.
Bereziki potoloa izango da datorren igandeko festa, 19 dantza talde ibiliko baitira auzoz auzo eta kalez kale. Eta ohi bezala, dantza emanaldia eskainiko dute denek batera, eguerdian Plazan elkartuta. Bazkaria ere egingo dute ondoren, eta erromeria izango da arratsaldean.
Horixe izango da egun nagusia, baina bezperan hasiko da Dantzari Astea, erromeria bereziarekin: Oinkada muxiko taldeak eta Baztandarrak dantza eskolak gidatuko dute saioa.
Datorren asteburua ederra izango bada, halakoa prestatu dute hurrengoa ere, festa borobiltzeko: dantzari txikien taldeak izango dira protagonista, larunbat arratsaldean, erdiguneko kaleetan. Gipuzkoako eta Lapurdiko sei talde ariko dira.
Eta festa egun batetik bestera, astean zehar, ez du hutsik egingo baserritarren jantzien erakusketak. Biterin izango da ikusgai, eta hitzaldia eskainiko du Ramon Garciak asteazkenean.
|
XXVIII. DANTZARI ASTEA EGITARAUA APIRILAK 18, larunbata 18:00, Erromeria, Plaza Berrin; euriarekin Atsegindegin. Oinkada muxiko taldearekin eta Baztandarrak dantza eskolarekin. APIRILAK 19, igandea 10:45, Kalejira eta dantza ekitaldiak, Hernaniko auzo eta kaleetan zehar. Euria egingo balu, Biterin. Xabier Etxeberriak aurkeztuta. Talde partehartzaileak: Gipuzkoatik Herburu, Txilibita Fanfarrea, Hernaniko Herri Musika Elkartea, Hernani Musika Eskolako dultzaineroak, eta Ttarla, Egape, Erketz, Eskola, Goizaldi, Ibarla Meaka, Ikasberri, Lezoko Herri Dantzazaleak, Olarri eta Trebeska dantza taldeak; Arabatik, Adurtza dantza taldea; Bizkaiatik, Meatzaldeko Harrigorria dantza taldea; Nafarroatik, Basakaitz, Baztandarrak eta Ortzadar dantza taldeak; Lapurditik, Begiraldeak eta Jeikadi dantza taldeak; eta Zuberoatik, Muskildi eta Urdiñarbe dantza taldeak. 13:15, Dantza emanaldia, Plazan. Parte hartuko dute dantza talde guztiek, Hernaniko Musika Eskolako txalapartariek, Hernaniko Bertso Eskolak, eta honako irrintzilariek: Fermina Billanueva, Maria Carmen Mateo, Mirentxu Egizabal, Elurtxo Etxeberria eta Juani Tejedor. 14:30, Bazkaria dantzari eta soinujoleentzat, Atsegindegin. Ondoren, Erromeria. APIRILAK 20-23 17:00-20:00, Baserritarren janzien erakusketa, Biterin. Iraultza dantza taldeak antolatuta. APIRILAK 22, asteazkena 19:00, Iraultza dantza taldeko Ramon Garciaren hitzaldia, Biterin: 'Baserritarren jantziak'. APIRILAK 25, larunbata 12:00, Erromeria, Plaza Berrin; euriarekin Atsegindegin. Partehartzaileak: Ezpeletako eta Hernaniko trikitilariak, albokalariak eta panderojoleak. 17:00, Dantzari txikien irteera eta dantza emanaldia, erdiguneko kaleetan zehar; euria egingo balu, Atsegindegin. Xabier Etxeberriak aurkeztuta. Partehartzaileak: Hernani Musika Eskolako txalapartariak, Hernaniko Bertso Eskola, Mirentxu Egizabal eta Dulce Fernandez irrintzilariak, Ezpeletako eta Hernaniko trikitilari, albokalari eta panderojoleak, eta Begiraleak, Egape, Eskola, Illumbe, Trebeska eta Ttarla dantza taldeak. Denek elkarrekin dantzatuko dute bukaeran. |