Planifikazio prozesua abiatu du Hernani Burujabek hirugarren urtez, herritarren nahiak eta beharrak ezagutu, eta horiei erantzuna emateko. Oraingoan, galdetegi bidez osatu nahi izan dute herriko beharren diagnostikoa, eta 208 herritarren erantzunak jaso dituzte horretarako. «Positiboki» baloratu dute 200 hernaniarrek baino gehiagok parte hartu izana, eta uste dute «eraginkorra eta praktikoa» izan daitekeela, planifikazio prozesua abiatzeko. Orain, mahai sektorialetan landuko dituzte jasotako erantzunak, eta oinarri bezala erabiliko dituzte, «eztabaidatu eta horietatik zeintzuk aurrera egingo duten erabakitzeko».
Pozik daude jasotako erantzun kopuruarekin, baina «beste kontu bat da auzo bakoitzeko erantzun kopurua esanguratsua edo auzoaren nahi eta beharrekiko adierazgarria izatea». Izan ere, Floridan, Kaxkoan, erdigunean, Antziolan, Latsunben eta Karabelen jaso dituzte erantzun gehienak, baina beste auzo askotan gutxi izan dira parte hartu duten herritarrak. «Horregatik, galdetegi honen praktikotasuna gehiago ikusten dugu herritarrek orokorrean egin dituzten proposamenak jasotzeko ariketa gisa».
Galdetegiarekin ikusi dute, era berean, oraindik bidea daukatela egiteko, «herritarren ezagutza haunditzeko Hernani Burujabe prozesuari buruz». Batetik, diote «herritarren kopuru garrantzitsu batek» ez dituela bereizten Udala eta Hernani Burujabe. Eta bestetik, Hernani Burujabe prozesuaren ezagutzaz galdetuta, erantzunen «gehiengo argi batek» (145 lagunek) adierazi dute 'zerbait' ezagutzen dutela. «Azaltzeko eta ulertzeko bere konplexutasuna dauka prozesuak, eta horrek jartzen gaitu gure ahalegin komunikatiboak biderkatu edo egokitzeko erronkaren aurrean», aitortu dute.
Era berean, Hernani Burujaberi buruzko iritzia galdetuta, partehartzaileen ia erdiak (%49,5) erantzun dute ez dutela nahikoa ezagutzen prozesua. Eta burutu beharreko aldaketez galdetuta, 32 ekarpen jaso dituzte, horietatik 10 komunikazioarekin lotutakoak.
Edonola ere, prozesuak ekarri dituen onurez galdetuta, «gehiengo garbi batek» egin du «oso balorazio positiboa». Eta sektorez sektore jaso dituzte proposamenak. Energian, esaterako, Enherkomi buruzko informazioa, energia fakturak ulertzeko tailerrak eta eguzki plakak jartzeko tokien proposamenak jaso dituzte. Zaintzan, berriz, proposatu diete ekimen ezberdinak antolatzea zaintzen inguruko errealitateaz sentsibilizatzeko. Eta etxebizitzaren arloan, erantzun gehienak izan dira etxebizitza eredu alternatiboak sustatzearen eta etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko beharraren ingurukoak.