Azkeneko asteko eguraldi onarekin, bestelakoa izango zen kontua akaso. Baina martxoaren 28an, Gipuzkoako Batel Txapelketa hasi zen egunean, San Pedron giroa petrala zen oso, eta horrek asko mugatu zuen Hernaniko arraunlarien lana, zortea ere ez baitzuten aldeko izan.
Neska infantilek «dena kontra» izan zuten. Oso giro txarra izan zuten, haize-olatuak sortu ziren, eta kale batetik bestera sekulako aldea izan zen. Eta hernaniarrei zein tokatuko: lehenengoa, kalerik txarrena. «Denetik izan zuten, batelean ura sartu zitzaien... Eta arraunlari guztiak berriak direnez, bizi gabea zuten horrelako egoera bat. Nahiko txukun aritu ziren aurreneko luzean, baina oso gogorra egin zitzaien itzulera», diote entrenatzaileek.
Batekin nahikoa ez, eta neska kadeteei ere kale horixe bera tokatu zitzaien. Oso estropada ona osatu zuten, baina baldintza horietan ezinezkoa zuten finalera sailkatzea. Hurrengo egunean jaso zuten beren mailaren eta lan onaren ordaina, kontsolazio finala nagusitasun osoz irabazita, bigarrenari 10 segunduko aldea aterata.
Hernaniko neska seniorrek ere hartu zuten parte txapelketan, eta hirugarren postua eskuratu zuten: «Asteburua ez zitzaigun batere gaizki atera, eta estropada polita egin genuen igandean. Denak pozik etxeratu ginen emaitzarekin, kontuan izanda aurten gutxi lehiatu garela bateletan, eta traineru denboraldirako prestaketaren zati bat izan dela».
Asteburu honetan, Euskadiko Txapelketa Sestaon
Emaitza gazi-gozo horien ondoren, Euskadiko Txapelketan ariko dira Hernaniko batelak asteburu honetan, apirilaren 11n eta 12an, Sestaon.