Luisma Corral Donostian jaio zen, baina hernaniarra sentitzen da, Urumeako herrian hazi eta hezi baitzen. Bere lehen liburua argitaratu berri du, 'Tierra Olvidada' izeneko nobela beltza. Euskal Herria eta Extremadura lotzen dituen, eta nobela beltzaren ezaugarri guztiak dituen liburua da, baina sentimentu zein emozioak ere jorratzen ditu. Hernaniko Sebas liburudendan dago salgai, baita Amazonen ere.
Nobela beltzen irakurle bezala hasi zen Luisma Corral, horrelako istorioak gustuko zituen pertsona bat bezala. Baina imaginazio handiko pertsona bat ere bada, buruan etengabe istorioak pentsatzen ari dena. Horrenbestez, egun batean, berak imaginatutako istorioak kontatu nahi zituela erabaki zuen, eta idazten hasi zen. 'Tierra Olvidada' bere lehen argitalpena da, baina jada bigarren zatia idazteari ekin dio, eta hirugarrena ere pentsatzen ari da.
Zein da liburuak kontatzen duen istorioa?
Nobela beltza da, nobela beltzaren ezaugarri guztiak ditu. Gorka Rodriguez izeneko gizon bat eta bere alaba Eneritz Donostian bizi dira, baina iragan ilun baten ondorioz Extremadurara joaten dira bizitzera; bertan etorkizun baketsua bilatzen dute. Donostian uzten dute Gorkaren emazte ohia, Eneritzen ama. Harreman toxiko eta ohitura txarren espiral batean murgiltzen da emakumea.
Beraz, Gorka eta Eneritz Extremadurara joaten dira, kanpin batean gelditzen dira, eta bizitza baketsua izatea lortzen ari direla pentsatzen dutenean, gertakizun misteriotsu eta tragiko batzuk jazotzen hasten dira. Hasieran pentsatzen dute gertakizun horiek zoritxarrekoak direla, besterik gabe. Baina, denbora pasatzen joaten den heinean, konturatzen dira agian iragan ilun horrekin zerikusia dutela.
Orduan, Gorka eta Eneritz, Extremadurako guardia zibil batekin batera, ikertzen hasten dira, gauzak beste modu batera ikusten, harago begiratzen.
Nola bururatu zitzaizun istorioa?
Nobela beltzen irakurle haundia naiz, eta batez ere, etengabe buruari bueltaka dabilen pertsona bat naiz. Egun batean nire buruan zerbaitek klik egin zuen, eta esan nuen: «buru honetan ditudan abentura guzti hauek kontatzen hasiko naiz».
Izan ere, beti irakurtzen nenbilen, baina agian nik ere zerbaitz esateko banuela pentsatu nuen. Orduan, liburu hau idazten hasi nintzen; lehen kapitulua amaitu nuen, emazteari erakutsi nion, eta ez zegoela gaizki esan zidan. Horrela, poliki-poliki idazten jarraitu nuen, orain arte.
Nola definitzen duzu zure burua idazle bezala?
Oraingoz ez dut sentitzen idazle naizenik. Momentuz, identifikatzen naiz imaginazio handiko pertsona bat bezala, buruan ditudan pentsamendu horiek plazaratzea eta kontatzea gustuko duena. Idazle hitza oraingoz agian handiegia da niretzat; baina misterio, trama, thriller mundu guzti hau gustatzen zaion pertsona bat naiz, eta jendeari buruan dudana erakustea gustuko duena. Etorkizunean ez dakit, baina oraingoz idazle naizenik ez nuke esango.
Zein da literaturarekin duzun erlazioa?
Ez nuke esango literaturarekin erlazio sakon bat izan dudanik. Orain dela 20 bat urte hasi nintzen irakurtzen, nobela beltza batez ere. Konturatu nintzen triste zaudenean, edo buruan arazoak bueltaka dituzunean, irakurtzea modu ona zela horietatik ihes egiteko. Irakurtzea horretarako ondo etortzen zitzaidan. Irakurtzen hasten nintzen eta istorioak edota paisaiak imaginatzen nituen heinean, konturatzen nintzen oso baliagarria zela niretzat, asko gustatzen zitzaidala.
Gero, telesailak eta filmak ere beti poliziazkoak eta horrelakoak gustatu izan zaizkit. Orduan, uste dut guzti hori koktel-ontzi batean sartu nuela eta nahasi egin zela. Orduan idatzi egingo nuela erabaki nuen.
Nork izango du gustuko nobela?
Nobela beltza gustatzen zaion orori, batez ere. Hala ere, nobela beltzaren ezaugarriak izateaz gain, liburuak kutxu sentimentala edota emozionala ere badu, lurralde sentimenduarekin jokatzen du, Euskal Herriarekin zein Extremadurarekin. Hemen, Hernanin, Euskal Herria eta Extremaduraren arteko lotura handia dago, jende asko etorri zen, nire gurasoak adibidez. Orduan, esango nuke suspensea, misterioa eta nobela beltza gustuko duen jendeari gustatuko zaiola, baina kutxu emozionala ere nabarmena dela.
Liburu gehiago idazteko intentziorik duzu?
Bai. Batek daki etorkizunean zer gertatuko den, baina nobela honen bigarren zatia idazten hasi naiz jada. Istorioa ez nuen itxita utzi lehen zati honetan, ate batzuk irekita utzi nituen. Esan bezala, beti pentsatzen ari den pertsona bat naiz, eta hirugarren zatia ere buruan dut. Beraz, gustatuko litzaidake horrela jarraitzea, idazten. Oraingoz ez da nire ogibidea, eta ez dut pentsatzen etorkizun urrunean, baina gustuko dudan zerbait da, eta jarraitu egin nahi dut.