1986an eratu zen Mendiriz Mendi, mendi elkarte autonomo gisa, Club Deportivo Hernanitik banantzearekin batera. Baina 40 urte lehenago sortu zen, kirol elkartearen baitako atal gisa, 1946an. Gauzak horrela, aurten beteko ditu 80 urte Mendiriz Mendik, eta merezi bezala ospatu nahi dute elkarteko kideek. Horretarako, bi ekintza berezi prestatu dituzte: urte osokoa bata, eta apirilaren 25erako bestea.
Errioxan egingo dute ospakizun berezia, bi aste eta erdi barru. Mendi irteera egingo dute Haro inguruan, apirileko azkeneko larunbatean; eta ondoren, San Asensio herrira mugituko dira, Lecea bodegan bazkaltzera.
Datorren astelehenean, apirilaren 13an, zabalduko dute irteerarako eta bazkarirako izena emateko epea: elkartearen lokalean astelehen, ostegun eta ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara; 640 535 975 telefonora deituta; edota info@mendirizmendi.com helbide elektronikora idatzita.
Mendietako buzoien argazkiak, Iñaxio Sanzen omenez
Ia urte osoko ekimena da Mendiriz Mendik urteurrena ospatzeko antolatu duen bigarrena. Zehazki, elkarteko bazkideak animatu dituzte mendietako buzoien argazkiak atera eta elkartera bidaltzera. Mendiriz Mendiko lehendakari izan zen Iñaxio Sanzen omenez jarri dute martxan, eta helburua da ezagutzera ematea Hernaniko mendietako buzoiak, eta Hernanitik kanpo Mendiriz Mendi jarritakoak. Honakoak dira Hernanikoak: Agiña, Azketa, Igorin, Onddi, Santa Barbara, Urdaburu eta Zaburu.
Ekimenean jasotako argazkien artean, accesit saria emango diote ederrenari, aurtengo Mendizale Astean. Gainera, buzoi horietako bat zaharberrituko du Mendiriz Mendik aurten, eta mendi horretara egingo du abenduko irteera.