Igoerako play-offa jokatuko dute Hernaniko senior bigarren mailako mutilek, eskubaloian

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 8a

Hernaniko eskubaloi taldeko senior mutilak, iazko Pulporen aurkako partiduan.

Hernaniko kiroldegian izango da, datorren asteburuan; finalerdiak larunbatean jokatuko dira, eta finala igandean.

Asteburu honetan jokatuko dute Hernaniko eskubaloiko senior bigarren mailako mutilek igoerako play-offa. Igoera faseko ligaxkan bigarren postuan amaitu zuten hernaniarrek, zuzenean igotzetik oso gertu egon ondoren. 

Play-offak, Hernanik ez ezik, Elgoibarrek, Bera Berak eta Donibanek ere jokatuko dituzte. Etxean jokatuko dute hernaniarrek, 'final four' osoa Hernaniko kiroldegian izango baita.

Bi finalerdiak larunbatean izango dira, hilaren 11n. Lehendabiziko finalerdia Hernaniren eta Donibaneren artekoa izango da, arratsaldeko 16:30etan. Segidan, egun bereko 18:00etan, Elgoibarrek eta Bera Berak jokatuko dute bigarrena. Finalerdi bakoitzaren irabazleen arteko finala hurrengo egunean jokatuko da, eguerdiko 12:00etan.

Taldeko entrenatzailea den Goyo Viloriak taldearen helburua Gipuzkoako lehenengo mailara igotzea dela argi izan ez ezik, «helburu hori lortuko duten konbikzioa» ere badu. Taldea ondo dagoela dio entrenatzaileak; lesionatuta dauden jokalariak gutxi dira, eta «dituzten lesioak molestiak baino ez dira».

Play-offa «konfiantzaz» hartzen dutela ere adierazi du Viloriak. Donibaneren aurka ligan jokatutako bi partiduetan Hernani izan zen garaile, baina «partidu batean edozer gauza gerta daiteke». Beraz, Hernaniko jendearen babesa eskatu du entrenatzaileak, eskubaloi zalea izan ala ez, joaten denak «esperientzia polita» izango duela aurreikusten baitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!