Begiz jota dauka Xabier Salillas hernaniarrak aurtengo ultrafondoko Munduko Txapelketa, zortzi egunez jokatuko dena, zirkuitu beraren inguruan. Eta horretarako prestaketa lanetan ari da buru-belarri, aurten Burjassoteko Els Sitges talde valentziarrarekin fitxatuta.
Prestaketa gogorraren baitan, aste honetan izango du proba garrantzitsu bat. Izan ere, gaur bertan ekingo dio bost eguneko proba bati, Frantziako Niza hirian. Igandera bitarte, etenik gabe ariko dira partehartzaileak kilometro bateko zirkuituari bueltaka.
Horren aurretik, beste bi proba ere egin ditu Salillasek dagoeneko. Batetik, Marcha del Mamut izenekoa osatu zuen otsailaren 21ean, 50 kilometrokoa; eta bestetik, 48 orduko proba osatu zuen martxoaren 27an eta 28an, Burjassoten, bere taldearen herrian. Maila haundiko proban, bere kategorian irabazle izan zen Salillas, 48 ordutan 205,688 kilometro osatuta. Aste eta erdiko atseden tartearekin iritsiko da Nizako probara.