Auzo bilera igande honetan Osiñagan, Ikatz Gane proiektuaren eraginei buruz

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 8a

Eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua, Arriatsu eskolan. Joseba Iurramendi ariko da proiektuaren eta bere eraginen inguruan.

 

Hernani eta Arano arteko mugaren inguruan eraiki nahi duten Ikatz Gane proiektu eolikoak kezka sortu du Osiñaga auzoan ere; eta horren harira, bilera deitu du Osiñagako Auzo Elkarteak, igande honetarako. Arriatsu eskolan izango da, eguerdiko 12:00etan hasita, bertaratu nahi duten guztientzat irekia.

Bilera horretan aztertuko dituzte proiektu eolikoak Osiñaga auzoan izango lituztekeen eraginak. Horretarako, proiektuari eta bere eraginei buruz ariko da Joseba Iurramendi auzotarra, eta bilera baliatuko dute bertaratuen artean iritziak partekatzeko eta gaiari buruzko gogoeta eta eztabaida egiteko.

Ikatz Gane proiektua, baimena eman aurreko alegazio epean

Jaurlaritzak otsailaren 23an jarri zuen Ikatz Gane proiektua jendaurrean ikusgai, aurretiazko administrazio-baimena eman aurretik; eta maiatzaren 4ra arte dago alegazioak aurkezteko epea. Hernaniko Udalak horretarako asmoa azaldu zuen, eta herri helegiterako sinadurak biltzen ari da Urumeako Mendiak Bizirik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!