Adiskidetasuna eta transfeminismoa, KPFn aztergai apirilean zehar

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 7a

Kulturarteko Plaza Feministan izango dira hiru saio apirilean.

'Lagunekin bai!' aterkipean, martxoan hasi eta maiatzera arte daude jarduerak; apirilekoak izango dira 15ean, 21ean eta 29an.

Hainbat ekimen antolatu dituzte Kulturarteko Plaza Feministan apirilerako, 'Lagunekin bai!' aterkipean, «laguntasunaz eta transfeminismoaz» hausnartzeko. An­tolatzaileek adierazi dutenez, «askotariko gorputz, zaintza, desira, intimitate zein bizikidetza aldarrikatzen ditu transfeminismoak, eta zentzu horretan lagun harremanak balioesten ditu».

Martxoan hasi ziren ekimenak, eta maiatzera arte izango dira. Datozenak, ordea, apirilekoak dira, hilaren 15ean, 21ean eta 29an, zehazki. Hirurak euskeraz izango dira, eta Kulturarteko Plaza Feminista izango dute egoitza.

Liburu aurkezpen bat izango da lehendabizikoa, 'Garen Piztiaz Beste: hitz egin al liteke euskal transfeminismoaz?' izenekoa, hain zuzen. Apirilaren 15ean izan­go da, 18:00etan hasita, eta hizlariak izango dira Elene Lopetegi eta Iñi Etxezarreta, lagunak eta aktibista transfeministak direnak. 

Bigarrenean ere liburu bat aurkeztuko dute, 'Venezuela, del bloqueo al asalto' zehazki. Horretarako, Eneko Compains ariko da hizlari moduan, eta Gienna Cabello, Venezuelako konsula Bilbon, etorriko da gonbidatu gisa. Hilaren 21ean izango da, arratsaldeko 18:30etan.

Solasaldi batekin itxiko dute hilabetea antolatzaileek, 'Afektuen politikak: adiskidetasuna eta transfeminismoa' izenekoa. Hizlariak Miren Guillo eta Marta Luxan izango dira, EHUko irakasleak zein AFITeko kideak direnak. Nahiz eta euskeraz ariko diren, itzulpena egingo da gaztelerara. Apirilaren 29an izango da, arratsaldeko 18:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!