'PUSH (The shift)' dokumentalaren emanaldia izango da bihar Biterin

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 7a

'PUSH (The shift)' dokumentalaren eszena bat.

Hernaniko Kaleratzeak Stopek antolatu du, Etxebizitza Ekintza Globalaren Egunak ospatzeko. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

2026ko Etxebizitza Ekintza Globalaren Egunak (GHAD, martxoak 23-29) ospatzeko, Hernaniko Kaleratzeak Stopek 'PUSH (The shift)' dokumentalaren emanaldia antolatu du biharko, Biterin. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa. Fredrik Gerttenek zuzendu du dokumentala, eta sortu dute Leilani Farha NBEko Etxebizitza Egokiaren gaineko Txosten Bereziko lehen txostengile ohiaren lankidetzarekin.

Etxebizitzaren finantzializazioari buruzkoa da, eta azaltzen du horrek nola eraman gaituen «biztanleriaren zati pribilegiatu batek soilik etxebizitza duina izateko aukera izatera». HKStik diote guztiok garela etxebizitzaren prezioaren gorakadaren lekuko, alokatzerako zein erosterako orduan. Diotenez, halaber, guztiok ikusi dugu nola etxebizitza «gure gurasoen garaian eskuragarri zegoen aktibo bat izatetik, gure seme-alabentzat eskuragaitz izatera» pasatu den. 

Dokumentalak erakusten du nola funtzionatzen duten finantza-merkatuek mundu mailan, bereziki inbertsio-funts deiturikoek, «aktibo mota guztietan espekulatuz», batez ere etxebizitzetan, «prezioak etengabe igoaraziz», eta merkatu horretatik «irabazi bidegabeak ateraz». 

Bestalde, antolatzaileek iragarri dutenez, adi begiratuz gero, ikus daiteke «gure erakunde propioek ere fenomeno espekulatibo hauek modu irekian eta legez babesten eta sustatzen dituztela». Guretzako urrunekoak diruditen «errealitate gogorrak» ikusiko dira dokumentalean, baina ez omen daude hain urrun, «funts finantzario horiek hemen ere ari direlako lanean».

Hernaniko Kaleratzeak Stop PAHen parte da maila nazionalean eta, horren bidez, Etxebizitza eta Hiriaren Eskubidearen aldeko Europako Koalizioaren (CEA) parte ere bada. CEAk abiarazi zuen 2020an kanpaina bat Donostiako Bulebarrean. Sei ur­te geroago, etxebizitza-ekitaldi globala finkatu egin da, eta Kaleratzeak Stopek nahi du Hernanik kanpainan modu aktiboan parte hartzea.

Asmoa da «Hernanik bere ekarpena eta etxebizitza eskubidea babesteko egindako eguneroko lana erakustea», hainbat tokiko erakunderen bitartez. Proiekzioaren ondoren, filmaz eta etxebizitzaren egoeraz eztabaidatzeko aukera izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!