Hernaniko EAJk adierazi du EH Bilduk bultzatutako Ekhi tokiko monetaren ereduak ez dituela «aurreikuspenak betetzen», eta «premiazko berbideratzea» eskatzen duela. Jeltzaleek ohartarazi
dute erabiltzaileen kopurua gelditu egin dela, 1.581 konturekin. Kontu horiek Hernaniko biztanleen %18a dira, eta «adierazle argia da sistema ez dela hazten eta sendotzen ari».
EAJk kritikatu egin du sistemak Udalaren menpe jarraitzea, «EH Bilduren Udal Gobernuak berak 2021ean, sistema martxan jarri zenean, agindu zuenaren aurka»: «Ekimen autosufizientea izan behar zuenak bere egitura diruz lagunduta eta autonomiarik gabe duen eredua izaten jarraitzen du, eta horrek agerian uzten du kudeaketak huts egin duela eta ez duela plangintzarik», adierazi dute.
«Kudeaketa huts» horren kostua «agerikoa» da: «2026an, Ekhi mantentzeak 55.000 euroko gastua suposatuko du hernaniar guztientzat», Ekhilur enpresa kooperatiboari zuzenduta. Dirulaguntza hau martxoaren 26an berritu zen tokiko garapen batzordean EAJen kontrako botoarekin: guztira, 300.000 euro inguru sei urtetan. «EH Bildu etengabe ari da baliabide publikoak erabiltzen hazten ez den sistema bati eusteko, seriotasunez eta erantzukizunez birplanteatu beharrean».
Egoera horren aurrean, EAJk ereduaren aldaketa «sakona eta berehalakoa» planteatu du, bi neurrirekin: bi urteko epean enpresa kudeatzailearentzako dirulaguntza pixkanaka ezabatzea; eta baliabide horiek zuzenean herritarrei zuzentzea, tokiko merkataritzan kontsumorako laguntzak haundituz.
Beraz, «2027ko aurrekontuetako zuzenketa batean» islatuko den jeltzaleen proposamenak planteatzen du laguntzak urtean 160.000 eurotik 215.000 eurora igotzea, %34,4ko igoera ekarriko lukeena.
EAJk zuzenketa egiteko unea dela ondorioztatu du: «Berdin jarraitzeak baliabide publikoak xahutzea eta tokiko merkataritzarako aukerak galtzea dakar, eredu adostuagoa, eraginkorragoa, jasangarriagoa eta hobeto kudeatua merezi baitu».