Auzi politikoak lantzeko jardunaldiak antolatu ditu Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 1a

Hiru saio egingo dituzte Hernanin, apirilaren 11tik 24ra bitartean. Landuko direnak euskera, arrazakeria eta proiektu txikitzaileak dira.

 

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak hainbat jardunaldi antolatu ditu apirilean zehar, «gure herriko auzi politiko garrantzitsuenetariko batzuk lantzeko, zer gertatzen ari den ulertzeko, eta beharrezko borroka lerroak hausnartzeko helburuarekin». Aipatutako auziak dira euskera, arrazakeria eta proiektu txikitzaileak.

Euskeraren gaia landuko duen jardunaldia izango da le­hendabizikoa, apirilaren 11n Sandiusterrin. Antolatzaileek diotenez, «gure hizkuntza arriskuan dago, euskalgintza ereduak bere mugak topatu ditu, eta euskeraren erabilera txikitzen ari da». Goizeko 11:00etan hasiko da Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kidea den Paul Beitiaren hitzaldia.

Bigarren jardunaldia arraza­keriaren ingurukoa izango da. Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistatik diote mundu mailako kri­siak «gogorren kolpatzen ditu­en herrialdeetatik ihesi» etorkin asko etorri dela gure herrira, baina «ongizate unibertsal bat defendatu beharrean, gure ongizaterako mehatxutzat» hartu direla, eta «gero eta gehiago zabaltzen» ari dela arrazakeria. Horri buruz hizketan arituko da Youssef M. Ouled kazetari, ikerlari eta militante antiarrazista apirilaren 16an, 18:30etan, Biterin. 

Hirugarrena apirilaren 24an egingo den mahai-inguru bat izango da, zeinean Hernaniko «proiektu txikitzaileak» izango diren aztergai. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta ondoren, bertso afaria antolatu dute, Amets Arzallus eta Txaber Altube bertsolariekin. Antolatzaileek esan dutenaren arabera, «hainbat proiektu txikitzaile» jarri dira martxan azken urteetan, «herritarron interesen aurkakoak». Hernani inguratzen duten landa eremuak «salgai daude, proiektu txikitzaileak abian jarriko dituzten jabe pribatuentzat bada ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!