Pasa den larunbatean, erregionalen 1go mailako igoera faseko Hernani eta Landetxaren arteko norgehiagokan, epailea jipotzen saiatu ziren talde irundarreko jokalariak. CD Hernaniko koordinatzailea den Lur Saizarrek azaldu duenez, «hasieratik ari ziren epailea baldintzatzen, bai jokalariek eta baita aulkiko kideek ere». Partidua aurrera zihoan heinean «jarrera gero eta okerragoa» zela nabarmendu du koordinatzaileak.
Partidua amaitzerakoan, Saizarrek kontatu duenez, jotzearekin mehatxatu zuten epailea jokalariek. Epaileak alde egin zuen zelaitik, eta aldagelan entzerratu zen. Landetxako jokalariak atzetik joan zitzaizkion, aldagelara sartzen saiatu ziren, eta atea behin eta berriro kolpatu zuten. Egoera horren aurrean, epaileak Ertzaintzara deitu zuen telefonoz; horiek futbol zelaira gerturatu ziren, eta egoera konpondu zuten.