Trikoloreen lan gogorrak eta kemenak ez dute merezitako saria izan, beste aste batez, Ohorezko Elite Mailan. Hernanik 14-15 galdu du Gernikaren kontrako derbia, Landaren, nahiko modu krudelean: garaipena lortzeko aukera izan dute trikoloreek azkeneko minutuan, zigor kolpe bati esker; baina zutoina jo du Beñat Arizetaren ostikoak. «Ama birjine bajatu jaku». Halaxe zioen Gernikako zale batek, lasaitu ederra hartuta.
Hernaniri, aldiz, milagrorako aukera guztiak agortu zaizkio porrotarekin, igoerako play offari begira. Eta salbazioa guztiz ziurtatu gabe dauka oraindik, Pasek Belenos azkenaurrenak Las Rozas menderatu baitu gaurkoan (25-20), eta sei puntura gerturatu da bi partiduren faltan.
Gernikaren zigor kolpeak nagusi, Hernaniren baloi jabetzaren aurrean
Gidoi antzekoa izan du partiduak, nola aurreneko zatian, hala bigarrenean. Hernanik izan du baloiaren jabetza gehien, eta trikoloreek osatu dituzte jokaldi landuenak, baina ez dute asmatu azkeneko metroetan puntuak eskuratzen. Kasu askotan, entsaioa behatz puntekin ikutu ondoren.
Gernikarrek, kontrara, ia erasoko jokaldi bakoitza gauzatu dute zigor kolpeen bitartez. Bost bider asmatu du Beau Finnian Peartek zutoinetara jaurtitzen, eta horrek eman die garaipena bizkaitarrei.
Ezin hobeto ekin dio Hernanik, aurreneko jokaldia Arizetaren hiru punturekin borobilduta. Eta entsaioa lortu du Einar Arratibelek bigarrenean (8-0).
Hortik aurrera, ordea, erasoko jokaldi landuak gauzatu ezinik aritu dira trikoloreak, eta aldiz, puntuak hirunaka pilatu dituzte gernikarrek, atsedenera aurretik joateko (8-9).
Zigor kolpe banarekin ekin diote Peartek eta Arizetak bigarren zatiari (11-12), eta berriro gidoia bueltan: Hernanik ezin jokaldia gauzatu gernikarren marratik bost metrora, eta hurrengo jokaldian, gerturatu eta berehala, zigor kolpea bizkaitarrek (11-15). Gainera, epaileak 10 minuturako kaleratu du Arizeta.
Ondo eutsi diote trikoloreek bat gutxiagorekin, eta zelaira bueltatu berritan, zigor kolpe zaila gauzatu du Arizetak berak urrutitik, markagailua berriro estutzeko (14-15).
Bost minuturen faltan, defentsan tinko eutsi diote trikoloreek, marratik oso metro gutxira, gernikarren eraso luze bati, bizi-bizirik jarraitzeko. Eta baloia berreskuratuta, metroak irabazten hasi dira, pixkanaka baina seguru, garaipenerako puntuen bila. Horrela lortu dute kontrarioen akatsa, zigor kolpea eskuratuz. Baina erramu igandez, gernikarrak bedeinkatu dituzte gaurkoan: zutoina jo dute trikoloreen garaipenerako aukerek.
Izan du azkeneko jokaldi bat ere Hernanik, luze eta ondo landutakoa, baina oraingoan ondo eutsi diote gernikarrek defentsan, akatsik gabe. Horren aurrean, zutoinetara jaurtitzeko saiakera egin du Anartz Elosegik, baina ostikoa blokeatu du Gernikak. Hernaniarrek eskuratu dute baloia berriro, baina aurrera erori zaie, eta horrekin bukatu da esperantza. Epailearen txistuak adierazi du gaurkoan ere ez dela aldatuko haizea, duela zortzi jardunalditatik trikoloreek kontra daukatena.