Emaitza eta sentsazio bikainekin bukatu dute Espainiako Neguko Igeriketa Txapelketa, Uxue Santxo Guerrero eta Jurdan Zaldua Abad hernaniarrek. Sabadellen aritu dira biak, bi asteburu ezberdinetan.
Duela bi aste, sekulako mailan aritu zen Uxue Santxo, junior mailako txapelketan. Ostiralean, goizeko saioan bere markarik onena bota zuen 50 metroko bular proban, kronometroa 34,51 segundutan geldituta (aurreko marka 34,63koa zuen); eta finalerako txartela ere eskuratu zuen. Finalean, berriz, meritu haundiko bosgarren postua lortu zuen, berriro ere bere marka hobetuta: 34,24 segundu.
Jurdan Zalduak, bere aldetik, joan den astean izan zuen infantil mailako txapelketa. Hiru probatan aritu zen, eta hiruretan lortu zuen bere markarik onena botatzea. 50 metroko tximeleta proban, A finalera sailkatu zen, eta bederatzigarren izan zen azkenean. 200 metro libreetan, 13garren sailkatu zen B finala jokatuta, eta B finalean aritu zen 50 metro libreetan ere, 17garren postua lortzeko.
Biak ariko dira Espainiako Udako Igeriketa Txapelketan ere, uztailean: Santxok Sabadellen bertan izango du hitzordua, eta Zalduak Gran Canarian.