Atleta hernaniarrak indartsu, asfaltoan eta mendian

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 27a

Aitziber Martin eta Eva Esnaola, Gipuzkoako maratoi erdiko txapelketaren podiumean.

Aitziber Martin eta Eva Esnaola podiumean izan ziren Gipuzkoako maratoi erdiko txapelketan, eta Lur Ocon hirugarren sailkatu zen Kolaziñoko Mendi Lasterketan.

Indartsu ari dira lehian, asteotan, Hernaniko atletak: bai asfaltoan, eta baita mendian ere.

Asfaltoari dagokionez, joan den larunbatean jokatu zen Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren 33garren edizioa, eta Gipuzkoako maratoi erdiko txapelketa absolutua ere izan zen jokoan bertan. Horretan hartu zuten parte, emaitza bikainekin, Ibai Alba, Gaizka Izagirre, Aitziber Martin eta Eva Esnaola hernaniarrek. Azkeneko biek, gainera, podiumera igotzea lortu zuten bere kategorian: zilarrezko domina kolkoratu zuen Martinek, eta brontzezkoa Esnaolak.

Gainera, Bartzelona Maratoian ere emaitza ederra lortzetik zetorren Esnaola: Espainiako Master Txapelketa zegoen jokoan, eta urrezko domina lortu zuen 65 urtetik gorako emakumezkoetan, 3:30:48 denborarekin.


Lur Ocon hirugarren, Bedian

Lokatz arteko lehiari dagokionez, berriz, podiumean izan zen Lur Ocon hernaniarra ere, Bedian, Kolaziñoko Mendi Lasterketan. 13 kilometroko proban hartu zuen parte, eta hirugarren sailkatu zen, 1:09:41eko denborarekin, Arnaitz Kortajarenaren (1:07:48) eta Xabier Arranzen (1:07:58) atzetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!