«Oso motibatuta gaude derbia irabazteko»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 29a

Gernikaren kontra jokatuko du Hernanik gaur, eguerdiko 12:00etan Landaren.

Zita berezia daukate gaur errugbizaleek, Landaren: Gernikaren kontrako derbia jokatuko du Hernanik, eguerdiko 12:00etan hasita. Unerik zailenetan ere, derbi bat beti da ederra, eta «oso motibatuta» daude trikoloreak, «etxeko zaleen aurrean garaipena lortzeko, eta denboraldia sentsazio onekin bukatzeko». Hala adierazi du Anartz Elosegik, taldeko kapitainetako batek: «Kontziente gara bolada txarrean gaudela, baina denboraldi hasieratik genekien liga hau zaila izango zela. Oso talde indartsuak dauzkagu kontrario, eta detaileetan erabakitzen dira partidu guztiak».

Azkeneko zazpi partiduak gal­duta eta igoerako play offera sailkatzeko kasik aukerarik gabe, «lanean buru-belarri» jarraitzen du taldeak.

Aste zailak kanpotik bizitzea tokatu zaio beste kapitainetako bati, Jon Ander Zapiaini, lesioak tarteko: «Pare bat partiduko kontua izatea espero genuen, baina asteak aurrera dijoaz eta ez diogu buelta ematen. Argi ikusi da dinamika txarrean gaudela, baina hala ere, Gernikaren kontra jokatzea, etxean, oso partidu garrantzitsua da. Asko lagunduko liguke irabazteak, bai puntuak pilatzeari dagokionez, ikusita zeinen lehiatua ari den izaten liga; eta baita moralki ere, ederra litzatekeelako bolada txarrari bukaera ematea derbia irabazita. Gustatuko litzaiguke ahalik eta jende gehien jaistea Landarera. Partidu polita izango dela espero dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!