Patxi Eseverri: «Oso garrantzitsua izan den etapa bat bukatzen da»

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko martxoaren 27a

Hernaniko Musika Bandako tronboilaria, Patxi Eseverri.

Hernaniko Musika Bandak bihar eskainiko duen kontzertua taldeko tronboilariaren azkena izango da.

 

Kontzertu berezia izango da Hernaniko Musika Bandak bihar 18:00etan Udaletxeko arkupetan eskainiko duena. Taldeko tronboilaria den Patxi Eseverrik agur esango dio bandari zortzi urteren ondoren. Irundarrak bakarlari gisa pieza bat joko du omenaldi gisa. Hondarribiko Hiria Musika Bandak ere parte hartuko du emanaldian.

Zein sentsazio duzu larunbateko kontzertuari begira?

Urduritasun puntu bat nabari dut, data hurbiltzen den heinean hazten dijoana. Ez bakarrik bakarlari moduan pieza bat joko dudalako, baita nire bizitzan oso garrantzitsua izan den etapa bat bukatzen delako ere. Bandako musikariak ez ditut ikusiko orain arte bezala, astero-astero ikusten nituen, eta hori ez da gehiago horrela izango. Hala ere, uste dut kontzertu ederra izango dela, energiaz betetakoa eta bizia. Gonbidapena luzatzen diot etorri nahi duen edonorri. 

Nola hasi zinen bandako kide izaten?

2018an ordezkapen bat egiteko deitu ninduten. Ni oso gustora etorri nintzen. Bi kontzertu eman ondoren, zuzendaritza batzordeko kideak etorri zitzaizkidan, ea bandako kide izan nahi nukeen galdezka. Egun batzuk behar izan nituen ondo pentsatzeko; azken finean, musika banda bateko kide izateak konpromisoa dakar, bandak dituen ekintza guztietara joateko konpromisoa hartu behar da. Baina baietz esan nuen azkenean.

Zure bizitza beti egon da lotuta musikari eta tronboiari?

Bai, betidanik. Nire aitak tronpeta jotzen du. Txikitatik beti ikusi izan dut etxean. Ni irundarra naizen heinean, bertako kontserbatorioan ikasi nuen tronboia jotzen. Urte batzuen ondoren Irungo zein Hendaia eta Donibane Lohizuneko musika bandetan jotzen aritu nintzen 15 bat urtez.  

Zein balorazio egiten duzu zortzi urte hauen ondoren?

Hernaniko Musika Bandan gizatasun handiko taldea topatu dut, musikarekiko zaletasuna komunean duena. Esango nuke lagun handiak ere egin ditudala. Azken finean egunerokotasuna alde batera utzi eta airea hartzeko balio izan dit Hernaniko Bandan entseatzeak. Lan egiteko duen era ere oso gustuko dut, beti musika errespetatuz; horregatik mantendu naiz hemen zortzi urtez. 

Zein da banda uztearen arrazoia?

Lana dela eta etxebizitzaz aldatu behar dut, Durangora noa bizitzera. Horregatik ezinezkoa izango zait bandan jarraitzea. Ez dago besterik.

Zein da zure intentzioa etorkizunari begira? Beste banda batean joko duzu?

Ni berez musikari profesionala naiz. Irungo kontserbatorioan ikasi ondoren Musikenen ikasi nuen, Donostian. 2024an Bilboko Udal Bandako kide izateko plaza lortu nuen, eta bertan egiten dut lan gaur egun. Ez dut uste beste banda batean joko dudanik momentuz, izan ere, duela bi urte Bilbon plaza lortu nuenetik bizitza aldatu egin zait. 

Orain dela zortzi urte hemen hasi nintzenean tronboi irakasle bezala nenbilen aldi berean. Musika irakasleoi ondo datorkigu klasea ematearekin batera interpretazio lanetan aritzea, praktikatzen jarraitzeko. Orain nire bizitza aldatu denez, eta banda batean profesionalki nabilenez, ez dut horren beharrik. Hala ere, Durangon badago Hernanikoaren antzekoa den banda bat, eta bertako musikariak ezagutzen baditut ez dut baztertzen, adibidez, kolaborazioren bat egitea. Batek daki zer ekarriko didan etorkizunak.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!