Indartsu hasi dira (nola bestela!) Hernaniko Gazte Olinpiadak, eta jendetza bildu dute aurreneko probetan. Txibierro Jokoetan zein patinekin biziraun nahian aritu ondoren, hirugarren zita izango dute partehartzaileek gaurkoan: giza futbolinean aritu beharko dute, Oronako kantxetan, Galarretan.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da txapelketa, eta gauera arte luzatuko da. Izan ere, 34 partidu jokatuko dituzte denera, bakoitza zazpi minutukoa, bederatzi laguneko talde mixtoak osatuta: hiru jokalariko hiru lerro, atezainik gabe. Zehazki, hiru soka izango dira jarriko dituztenak, eta arnesekin lotuta egongo dira jokalariak. Nola moldatuko ote dira?
Ligaxkan ekingo diote txapelketari, bederatzi taldeko hiru multzotan banatuta; eta bi partidu jokatuko dira aldi berean, bi kantxetan. Garaipen bakoitzarekin hiru puntu pilatuko dituzte taldeek, eta berdinketarekin bat. Bina partidu jokatuko dituzte, eta multzo bakoitzeko talde onenak sailkatuko dira final laurdenetara. 20:30etan hasiko dira final laurdenak, eta segidan izango dira finalerdiak eta finalak, aurrera egiten duten taldeekin. Gaueko 21:30etarako aurreikusi dute final haundia.
'Kontuz Atxuak' taldea, sailkapeneko buru
Aurreneko bi probak jokatuta, estu daude kontuak oraindik, aurreneko postuetan. 'Kontuz Atxuak' taldea da sailkapeneko buru, 47 punturekin; eta bi puntura dauka 'Neu balantzan' taldea (45). Haien atzetik, berdinduta daude hiru talde, 42 punturekin: 'Ardi ibili', 'Moxkor irratia' (aurreneko probaren irabazlea) eta 'Tuttifruti'.