Duela bi aste bezalaxe, Hernaniko ferian izango dira gaur Urumeako Mendiak Bizirik plataformako kideak, sinadurak biltzen. Dagoeneko bildu dituzte 1.000 baino gehiago, Ikatz Gane proiektuaren kontrako helegitea aurkezteko. Maiatzaren 4ra arteko epea dago alegazioetarako, Hernaniko Udalaren eskariz hilabete luzatzea onartu baitzuen Eusko Jaurlaritzak.
Plataformak nabarmendu du ehunka herritar bertaratu zirela aurrekoan ferian jarri zuten mahaira. Eskerrak eman dizkie haiei guztiei, eta oraindik sinatzerik izan ez dutenei, «ahal bezain laster» egiteko deia luzatu die. Egun hartan bertan, elkarretaratze jendetsua egin zuten Atsegindegin, adieraziz «lotsagabekeria hutsa» direla proiektuak eragingo lituzkeen kalteak.
Helegiteak sinatzeko orriak eskuragarri daude, era berean, honakoetan: Hernaniko Garin eta Kide tabernetan, Makoki ileapaindegian eta Sagastiberri tabako dendan; Ereñotzuko Auzo Udalean, dendan eta Irrintzi tabernan; Aranoko udaletxean; eta Goizuetako Amaia kafetegian. Online sinatzeko ere badago aukera: labur.eus/UMBhelegitea helbidean eskuratu daiteke orria, eta beteta bidali behar da umbizirik@gmail.com helbidera.
Hitzaldia, Aitziber Sarobek eta Iñaki Lasagabasterrek
Gaiaren harira antolatu dute hitzaldia UMBk berak eta Sagarreta Natur Taldeak, biharko: 'Energia berriztagarrien sokatira', Biterin, 18:30etan hasita. Hizlari izango dira Iñaki Lasagabaster EHUko administrazio zuzenbideko katedradun emeritua, eta Aitziber Sarobe filosofian eta biologian doktorea. Saioaren bukaeran, gainera, LPS Honi Ez plataforma aurkeztuko dute bertan. k