Astigarragako Udalaren eta komunitatearen eskutik 'A* elkar zainduz' prozesua abian jarri zenetik sei hilabete pasa dira. Bihar emaitzaren aurkezpena izango da, Erribera kulturgunean, azken topaketa irekian. Arratsaldeko 17:30etan izango da, eta haur zaintza zein itzulpen zerbitzuak eskainiko dira.
Udalak adierazi duenez, prozesuari hasiera eman zitzaionetik «lanketa sakona egin da», hainbat zaintza-mahai, talde eragileen arteko bilerak, herritarrekin topaketa irekiak eta hainbat azterketa-lan, hain zuzen.
«Herrian daukaguna eta ez daukaguna aztertu eta beste herri batzuetako esperientziak entzun» ondoren, hainbat ekintza aurrekusi ditu Udalak. Ekintza planak bi urteko iraupena izango du, eta nahiz eta epe horretan ekintza guztiak gauzatzeko aukerarik ez izan, «epe laburrean ekintzarik gauzagarrienak abian jarriko dira». Topaketan orain arte landutakoaren berri emango zaie herritarrei.
Zaintza-sarea eratzea, «guztiz beharrezkoa»
Udalak nabarmendu duenez, ekintza-planarekin batera, «proiektuaren hasieratik bilatu den beste helburu eta erronka nagusietako bat» herrian zaintza-sare bat eratzea izan da. «Guztiz beharrezkoa da», besteak beste, ekintza-planaren jarraipenaz, balorazioaz, egokitasunaz eta beste ekintza batzuk burutzeaz arduratuko baita.