Aratz Urdinduz asteko etengabeko ospakizunean murgilduta daude Aratz Ikastolan. Egitaraua borobiltzeko Bizipoza Festa ospatuko dute martxoaren 27an. LH3ko ikasleek antolatu dute, Gautenakoen laguntzaz, eta ekintza anitz izango da goiz osoan zehar.
09:30etan emango diote hasiera jaiari, futbol zelaian. Jarraian, 09:45-10:30 bitartean, aurpegi margoketaz, jolas ezberdinez eta eskulanez osatutako tailerrak izango dira. Segidan hamaiketakoa egingo dute, 11:00ak arte, orduantxe hasiko baita 'Txundi gaitzazu!' ikuskizuna Zapotxinekin. Amaitzeko, 12:00etan 'Marea Urdina' dantza eskainiko dute futbol zelaian.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, eguraldi txarra eginez gero, ikastolan izan beharrean, Atsegindegin izango da ospakizuna. Gainera, photocall-a egongo da argazkiak ateratzeko, baita merchandising-a erosteko denda bat ere.