Elkarrekin Podemos: «Hernanik ezin ditu ingurunerako arriskutsuak diren proiektu gehiago jasan»

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko martxoaren 24a

Herriak kutsadurarekiko bizi duen egoera salatu dute, egitasmo kaltegarriak nabarmenduz.

Hernanik kutsadurarekiko bizi duen egoera salatu du Elkarrekin Podemosek, eta aldarrikatu du Hernanik ezin dituela jasan «ingurunerako arriskutsuak diren» proiektu gehiago. 

Hasteko, «errepide eta autobideen artean dagoen herri batean» bizi garela eta «horrek kutsadura-maila haundia» dakarrela esan dute. «Zaratan, partikula kutsatzaileetan eta inpaktu bisualean» egin du enfasia; baita ibai ertzean zehar industrialdeak eraikitzea «ahalbidetu» dela ere, eta zaharkitu direnean lursail berriak erabili direla. 

Jarraitzeko, «harrobi batek Santa Barbara erdia suntsitu» duela aipatu dute, baita paper-fabrikaren, adreilu erregogorren enpresaren, zentral elektriko zein elektrokimikoen, eta Abiadura Handiko Trena herriko gune lau batetik pasatzeko planaren presentzia ere. 

«Bestalde, Pagoagaren eta Arano herriaren artean bost aerosorgailu instalatzeko proiektua publikora aurkeztear egon ez ezik, kutsatutako lurren kudeaketarako eta tratamendurako enpresa bat eratzeko proiektua ere onartzear da. Azken horrek 10.000 metro karratuko azalerako eraikina izango luke eta Jauregi auzoan etengabeko kamioi jarioa suposatuko luke», adierazi du.

Eta azkenik, alderdi moreak salatu du Eusko Jaurlaritzak baimena eman berri duela «Hernanin, Urumearen ibaiertzean zehar sakabanatutako ehunka isotankeetan, kimiko sukoi, toxiko eta korrosiboen» enpresa bat instalatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!