Trikoloreak Las Rozasera garaipen bila bihar, partiduz partidu 'bizirik' jarraitzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 21a

Hernaniri asko zaildu zaio igoerako play offera sailkatzea, aurreko asteburuan seigarren porrota jarraian pilatuta. Partidu bakoitza irabazi beharko du aurrerantzean, eta konpromiso zaila dauka hasteko, bihar 12:00etan  Las Rozasen kontra.

Ez zizkion gauzak erraz jarri Hernanik Sant Cugat liderrari, aurreko asteburuan; baina erasoko jokaldiak gauzatu ezinik aritu zen beste behin, eta seigarren porrota pilatu zuen jarraian (0-19). Horrek are gehiago zaildu du igoerako play offera sailkatzeko bidea trikoloreentzat, eta une honetan 7 puntura daukate laugarren postuko langa.

Hemendik ligaren bukaerara bitarte, partidu bakoitza irabazi beharra izango dute trikoloreek, jardunaldiz jardunaldi 'bizirik' jarraitzeko, aurrekoek huts egiteko esperantzan. Eta ez daukate lan erraza, erronka hori hasteko: Ingenieros Las Rozasen zelaian ariko dira bihar, eguerdiko 12:00etan hasita. Hernaniarrekin berdinduta daude madrildarrak, 33na punturekin, seigarren eta zazpigarren. Biharkoa irabazten duenak, aurrekoei presioa egiten jarraitzeko aukera izango du. Galtzaileak, berriz, amore eman beharko du aurtengoan igoera lortzeko ilusioetan, hiru jardunaldi bakarrik faltako baitira.

Oso bolada txarrean dira trikoloreak, baina ez daude denboraldiko unerik gozoenean madrildarrak ere. Hiru porrot kateatu dituzte azkeneko hiru jardunaldietan; horietako bat etxean, Les Abellesen kontra.

Amaigabea dirudi Hernaniren 'batxe' luzeak, baina gauza txarrek ere beti dute amaiera; eta Madrilen irabazteak indarra emango lioke taldeari, azkeneko hiru partiduei gogotsu heltzeko, ezustekoaren bila.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!