Martxoaren 17ko greba orokorraren inguruko irakurketa egin dute Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kideek, ohar baten bitartez. «Beharrezkoa» ikusi dute klase borrokaren hedapena aldarrikatzea, «kapitalismoaren ofentsibari aurre egiteko». Gehiengo sindikalak egindako deiari erantzun diotela argi dute, eta «langileriaren antolakuntzarako beharra» mahai gainean jarri dute, «gaurko ofentsiba inperialistak dakarren krisi ekonomiko zein belikoari aurre egiteko».
Gobernuek zein oligarkiak interes ekonomikoak langileen ongizatearen aurretik jartzen dituztela diote. Zerbitzu publikoen galera, etxebizitzarako sarbide «ezinezkoa», lan «prekarizatua» edota osasungintzaren kalitatearen «kaxkartzea» jarri dituzte adibide bezala.
Horiek guztiak arrazoi, egunaren bezperetan egindako lanaz gain, «egunean bertan pikete informatiboak» egin zituzten poligono guztietan goizean goiz. Ondoren, «herrian zehar zabalik zeuden komertzioetan» jarraitu zituzten piketeak, eta azkenik, EHKSk Donostian deituriko mobilizazioan parte hartu zuten.