Nekazaritza Eskolako ikasturte berria hasi da

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko martxoaren 20a

Aurtengoan ere HENASEk hartu du proiektuaren lidergoa, eta eskualde ikuspegia sendotzeko asmoa du.

Udaberriarekin batera, Nekazaritza Eskolaren ikasturtea hasi da Hernanin. HENASEk (Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen elkarteak) proiektuaren lidergoa hartu du aurtengoan ere, eta eskualde ikuspegia sendotzeko asmoa dute, «lehen sektorearen inplikazio zuzena indartuz».

Hala ere bere sorrerako helburuak mantentzen ditu, hau da, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen inklusioa sustatzea lehen sektoreko formakuntzaren bidez, eta tokiko nekazaritza jarduera indartzea.

 

Lau hilabeteko formakuntza, Hernaniko Burujabetzen etxean eta Karabeleko baratzean

Nekazaritza Eskolak lau hilabeteko heziketa eskainiko du. Lehen hiru hilabeteetan parte hartzaileek formakuntza teoriko-praktikoa jasoko dute Hernaniko Burujabetzen etxean eta Karabeleko baratzean. Laugarren hilabetean praktikaldia egingo dute eskualdeko etxalde eta ustiategietan. 

Heziketaren helburua da nekazaritzako oinarrizko ezagutzak eskuratu ez ezik, ezagutza aurreratuagoetan ere trebatzea.  Lan ohiturak bermatzea eta lan-merkatuan txertatzeko aukerak handitzea ere da xedea. Aldi berean, jarraipen soziohezitzailea eskainiko zaie ikasleei, horien ibilbide pertsonal eta profesionala sendotzeko.

Aurten ere bi talde egongo dira. Lehenengoa jada martxan dago. Bigarrena, aldiz, ekainean hasiko da.  

 

Eskualde ikuspegia eta sektorearen protagonismoa

Nekazaritza eskola 2022an jarri zen martxan Hernanin. Lehen bi urteetan zehar (2023-2024), Hernaniko Udala, Karabaleko, Zaragueta Zulaika Fundazioa eta Zabalduz eskuz esku aritu ziren lanean. Zaragueta Zulaika Fundazioaren jabetzako Insusadi baserria zuten egoitza gisa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ElkarEkin Taldean programaren laguntza zuten. 

2025ean eskualde mailako proiekzioa hartu zuen egitasmoak, Elkarrekin programaren parte izatera pasa zen, eta Hernaniko Udalaren eta Beterri Buruntza Mankomunitatearen laguntza zuen. 

 

Proiektu estrategikoa

Egitasmoa eskualdearentzat estrategikoa da, inklusio sozialaren, elikadura burujabetzaren eta tokiko lehen sektorearen garapenaren ikuspegitik. Horregatik, Hernaniko Udalak azpiegiturak eta babesa eskaini dizkio proiektuari. 

Antolatzaileek argi eta garbi utzi dute Nekazaritza Eskolak «urrats sendoa» eman duela «lehen sektore sendoago, profesionalizatuago eta inklusiboago baten alde».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!