Etxe goxo baten itxura hartu du Biteriko erakusketa gelak. Izan ere, eraberritutako altzariekin jarri du erakusketa Susana Rodriguezek, bertan. Apirilaren 14ra arte egongo da ikusgai 'Berezitasunaren erronka: berrerabilpen sortzailea dekorazioan'.
Bisitariek «ideiak» topatuko dituzte bertan: «Zaharkituta dauden altzariak eta ustez ezertarako balio ez dutenak, nola berrerabili. Denak izan gaitezke horretarako gai, eta sormenarekin eta gure artisau lanarekin, gauzek bigarren bizitza bat izan dezakete. Ez da aprobetxatze hutsagatik; modu horretara, altzari hori 'gure altzari' bilakatzen dugu».
Oso berezia da erakusketa egilearentzat, hainbat motibo tarteko. Batetik, pasio duelako egiten duena: «Dekorazioan egin izan dut lan urte askotan, baina faltan botatzen nuen pertsonalizazioa, egiten nituen proiektuetan. Etxeak oso leku bereziak dira, gure pribatutasunaren txokoa, gure bigarren azala. Eta islatu behar dute bertan bizi denaren historia, altzarien bitartez. Niri pertsonalki gustatzen zait artisautza, eta niretzat egiten nuen pertsonalizazio hori, sormena lantzeko modu bat bezala. Baina ikusi nuen bateragarria zela dekorazio lanarekin, eta zerbitzu hobea eskaini nezakeela». Horrela, Kalma Deko estudioa jarri du martxan, eta «alternatiba bat» eskaini nahi izan die herritarrei; inspirazio iturri bat: «Ez du esan nahi dena berreskuratu eta margotu behar dugunik, baina merezi duten gauza horiek, edo bezeroarentzat garrantzitsuak diren horiek, mantendu ditzagun, eraldatuta. Batzuek funtzio berarekin jarraitu dezakete, eta beste batzuei guztiz emango diegu buelta. Nire lana artista askorengan dago inspiratuta, eta nik hona datorren norbait inspiratu badezaket, primeran. Aulki batzuk dauzkana eta ez dakiena horiekin zer egin, adibidez».
Eta erakusketa berezia da, bestetik, «Hernanik eman didana itzuli nahi diodalako herriari». 14 urtez aritu zen bertan lanean, Egur Kantoi dendan; eta bertan, «tratu zoragarria» izan zuen jendearekin. Horregatik, jendearekin harremana berreskuratzeko ere baliatu nahi du erakusketa: «Herrira itzuli naizela eta, jendeak berriro nirekin kontaktatu nahi badu, polita litzateke niretzat». Horregatik, ahal duen guztietan egongo da erakusketan; eta bestela, harremanetarako bideak jarri ditu aukeran: kalma.deko@gmail.com helbide elektronikoa, kalmadeko.es webgunea, eta kalma.deko Instagrameko kontua.
Egileak kontatu du herritarrekin harremanetan deskubritu zuela «badaukadala zer eman bide horretan. Esaten zidaten beraiek kontatzen zidatena ulertu eta eskaintzen niela bilatzen zuten hori. Niri ez zitzaidan hain konplikatua iruditzen, baina denborarekin deskubritu dut ez dela hain ohikoa. Eta iruditzen zait dekorazioan lan egiteko beharrezkoa dela jendea ulertu, sentsibilitatea partekatu, eta lanak ulertzea proiektu enpresarial hutsetik harago. Konpromiso hori hartuta, beste xarma bat daukate sortutako espazioek».