Bihar zabalduko dute Hernaniko udaleku irekietan eta kirol udalekuetan izena emateko epea

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 15a

Martxoaren 29ra arte apuntatu daiteke bietan: 3-10 urtekoentzat izango dira udaleku irekiak, eta 11-12 urtekoentzat kirol udalekuak.

Uztaileko aisialdian pentsatzen hasteko garaia iritsi zaie Hernaniko haur eta gaztetxoei, eta haien gurasoei. Izan ere, bihar bertan zabalduko dute izena emateko epea, udaleku irekietan eta kirol udalekuetan. Martxoaren 29ra arte apuntatu daiteke, online edo aurrez aurre. Internet bidez egiteko, hernani.eus/gazteria helbidean topatuko dute formularioa; eta aurrez aurre, Haur, Nerabe eta Gazteria Sailean egin daiteke: astegunetan goizez, udaletxeko lehenengo solairuan; eta astelehen eta ostiraletan arratsaldez (16:00-19:00), Aristizabal 7ko lokalean.

Uztailaren 1etik 24ra izango dira udaleku irekiak, 3-10 urtekoentzat (2016-2022 urteetan jaiotakoak), 09:30etatik 13:00etara. 110,93 eurokoa izango da prezioa. Kirol udalekuak, berriz, uztailaren 6tik 24ra egingo dituzte, 09:30etatik 13:00etara; eta 11 eta 12 urtekoek (2014-2015 urteetakoek) hartu dezakete parte: 109,80 eurokoa da prezioa.

Bi kasuetan, gurasoentzako bilerak antolatu dituzte ekainaren 3rako, Biteri kultur etxean: udaleku irekietakoa arratsaldeko 17:00etan, eta kirol udalekuena 18:00etan.

Zaintza zerbitzua Doberak, udaleku irekien aurretik

Dobera Euskara Elkarteak jakinarazi du, era berean, goizetan haur zaintza zerbitzua eskainiko duela udaleku irekiek iraun bitartean. Goizeko 08:00etatik 09:30etara izango dira, baina sarrera ordua malgua izango da. HH3 eta LH4 mailen artekoentzat bideratu dute, eta izenematea zabalik dago, honako helbidean: labur.eus/zaintzaudalekuak. Hileko kuota 80 euro dira, eta anai-arreba bat baino gehiago apuntatuz gero, 70 euro bakoitzeko. Doberako bazkideek 5 euroko deskontua izango dute haur bakoitzeko. Zerbitzua aldizka hartuz gero, berriz, 15 euro izango dira eguneko, eta gutxienez 24 ordu lehenago eskatu beharko da.

Haurrak «giro euskaldun, goxo eta ludikoan» egongo dira zaintza zerbitzuan; eta ondoren, hezitzaileek eramango dituzte haurrak dagokien begiralearengana.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!